Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Azaroak 24

Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren 2019ko oroitidazkia jaso du

Osasunarekin, Hezkuntzarekin, Ogasunarekin eta Funtzio Publikorako sarbidearekin lotuta daude Gobernuak betebeharrak betetzen dituela kontrolatzen duen organoari egiten zaizkion errekerimendu gehienak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakariari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Beltránek 2019ko jarduera oroitidazkia eman dio, irailetik aurrera Batzordeak aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltránek azaldutakoaren arabera, kexa kopuruak goranzko joera txikia izan du, 2018an aurreko urtearekin alderatuta izandako igoera nabarmenaren ondoren, orduan 15 izatetik 35 izatera pasa baitzen. “2020an 36 errekerimendu aurkeztu dira dagoeneko, eta 40ra iristea aurreikusten da. Gehienak osasunarekin, ogasunarekin, hezkuntzarekin eta funtzio publikorako sarbidearekin lotuta daude. % 70 herritarrek erregistratutakoak dira, eta gainerakoak ikertzaileek. Balorazioa positiboa da, egonkortzen ari den erakunde baten aurrean gaude”.

 

Horren harira, Beltranek esan du Administrazio Publikoen gardentasun maila "poliki-poliki" hobetzen ari dela. Gardentasuna eta kontuak argitzea funtsezkoak dira demokrazia moderno batean, baina printzipio berriak dira eta hori da arazo nagusia. Sentsibilitatea, kultura eta formakuntza falta dira. Enplegatu publikoak opakutasunean trebatuta daude; izan ere, izapidetu behar dituzten gaiak ez gordetzea zehatzeko arrazoia da. Etengabeko borroka da, baina borondate gehiago antzematen da funtzionarioen artean politikarien artean baino ", adierazi du.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, aurreko legegintzaldian Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketaren ondorioz gardentasun esparruan emandako “pausu garrantzitsuak” nabarmendu ditu.

 

Barne-mailan, lehendakariak aurreratu du Ganberako zerbitzuak informazioa eskuratzeko eta gardentasuna lortzeko arauaren zirriborro bat lantzen ari direla, eta laster aztertuko duela Mahaiak, legegintzaldi honetan antolamendua eta foru legeriaren barne-araudia eguneratzeko hasitako lan-ildoari jarraituz.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Juan Luis Beltrán, eta 2018ko martxoaren 22tik Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

 

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak ematen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

 

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzen du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ditzake.

 

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu eteten erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

 

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan Nafarroako Parlamentuaren ordezkariak Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) dira.

 

Gardentasunaren Kontseiluan daude gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatzen du, eta horrek, gainera, ordezko bat izenda dezake, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.