Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Urtarrilak 17

Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Ukrainak Espainiako Erresuman duen enbaxadore ezohiko eta ahalguztidunari

Bilera hori asteburu honetan Iruñean eginen den KRAI 2025 Nazioarteko Kongresuaren kariaz gauzatu da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur harrera egin dio Ukrainak Espainiako Erresuman duen enbaxadore ezohiko eta ahalguztidun Serhii Pohoreltsev jaunari, Iruñean  "Ukrainaren etorkizunaren aldeko Aliantza" goiburupean KRAI 2025 Nazioarteko Kongresua egitearen abaroan.

 

KRAI-Ukrainako Elkarteen Batasuna Espainiako probintzia desberdinetan dauden Ukrainako kolektiboen eta entitateen bateragune bat da, 2016an fundatua. Elkarte horietako bat da Foru Komunitateko "Alas de Ucrania". Halatan, Nafarroako elkarte horren lehendakari Liliya Shyshkovska andreak enbaxadoreari bisita instituzionalean lagun egin dio.

 

Ezohiko enbaxadoreak Nafarroako Parlamentuaren Ohorezko Liburuan sinatu ondoren, lehendakariak Nafarroako Foruen Monumentuaren erreprodukzio bat entregatu dio hari. Pohoreltsev jaunak, bere aldetik, Legebiltzarrari eginiko aitortza-adierazpen bat eman dio Hualderi, zeinean Parlamentuari eskertzen baitzaio "Ukrainarekiko laguntza hautsezina, aparteko konpromisoa erakustea eta laguntza humanitarioa helarazteko eginiko ekarpen baliotsua, bai eta Ukrainaren eta Espainiaren arteko solidaritate- eta elkarlan-loturak indartzea ere".

 

Espainiako eta Ukrainako elkarteak, gobernuen ordezkariak, hedabideak eta bazkide estrategikoak urtarrilaren 17tik 19ra bitartean elkartuko dituen ekitaldi nagusi honen egoitza gisa izendatua izan da Iruña, lankidetza- eta sostengu-harremanak indartze aldera.

 

Alde horretatik, oroitaraztekoa da Nafarroako Parlamentuak berak jada antolatu izan dituela zenbait ekitaldi instituzional, Errusiak eginiko inbasioaren ondoren Ukrainari laguntza humanitarioa helarazteko zereginetan laguntzen aritu diren Nafarroako boluntariotza-erakundeen ordezkariekin batera, haien guztien langintza ikusgai egitearren eta gatazkaren behin betiko soluzioa Nazio Batuen Gutunaren gerizpean eta bakezko eta diplomazioazko bideetatik aurkitzearren.