Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Abuztuak 27

Parlamentuko lehendakariak CERMINen ordezkari talde bat hartu du

Horrela Hualdek aukera izan du desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeen Nafarroako batzordearen funtzionamenduaren eta eskakizun nagusiak ezagutzeko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak gaur goizean bere bulegoan hartu ditu Mariluz Sanz CERMINeko lehendakaria, Manuel Arellano lehendakariordea, José Antonio Delgado diruzaina eta Carmen Burgui zuzendari teknikoa.

 

Horrela legebiltzarreko lehendakariak aukera izan du desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeen Nafarroako batzordearen funtzionamendua eta lan-ildoak ezagutzeko, bai eta haien eskakizun nagusiak ere.

 

CERMINeko kideek Parlamentuarekin elkarlanean segitu nahi dutela adierazi diote erakundeko lehendakariari, irisgarritasunak “lehentasun izaten jarrai dezan”, eta Parlamentuak “beti toki irekia izaten” jarrai dezala eskatu dute. Lehengo legegintzaldian aurrera egindako pausoak nabarmendu ondoren, CERMINek ohartarazi du “irisgarritasunaren arloan oraindik lan asko” dagoela egiteko.

 

Hualdek adierazi die, bestalde, legebiltzarraren nahia eta konpromisoa dela desgaitasuna duten pertsonen erakundeekin elkarlanean segitzea, eta Parlamentuak toki “ireki eta irisgarria” izaten jarraitzeko borondatea erakutsi du.

 

Aurreko legegintzaldian Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea onetsi zen. Horren balioa nabarmendu ondoren, Parlamentuko lehendakariak azpimarratu du egungo programa-akordioan konpromisoa jaso dela “lege horren arauzko garapena eta aplikazioa gauzatzeko” eta, halaber, Nazioarteko Konbentzioa eraginkortasunez betetzeko, eta foru araudia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioari egokitzeko.

 

Gainera, Hualdek oroitarazi du legegintzaldi honetarako programa-akordioan ezarritako beste konpromiso bat dela “desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko foru lege bat egitea”.