Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza batekin
Unai Hualdek balioan jarri ditu egindako urratsak, baina aitortu du erakundeek oraindik bide luzea egin behar dutela indarkeriaren biktima horien errekonozimendurako eta erreparaziorako
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza bati, zeina honako hauek osatu baitute: Jorge Txokarro eta Mariló Gorostiaga.
Txokarrok eta Gorostiagak aipatu dutenaren arabera, bileraren helburua izan da ikasturte berriaren lan-agenda aurkeztea –elkarte gisa eratu zirenetik formalizatutako erakunde-harremanen esparruan– hartutako konpromisoak errepasatzeko eta tortura nahiz tratu txarren kasuen errekonozimenduaren inguruko aurrerapenak aztertzeko.
“Uste dugu badela garaia erakundeek aurrerapauso bat eman dezaten eta egin duten kaltea aitor dezaten. Guk, gure aldetik, mozioak aurkeztuko ditugu orain arte erregistratuta ditugun 1.056 tortura edo tratu txarren kasuetan ukitutako 850 pertsonetatik baten bat erroldan duten 101 udaletan. Aldi berean, Pirinioetako udalerrietatik ere hasita, elkartea toki esparruetara hurbilduko dugu. Horrez gain, Parlamentuko lehendakaria gonbidatu dugu urte amaierara arte aurreikusita ditugun hitzaldi eta bestelako dibulgazio-jardueretara.”
Bestalde, Unai Hualdek balioan jarri ditu erakundeen arloan egindako urratsak 2016an Parlamentuan ebazpen bat onetsi zenetik, zeinetan Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen Nafarroan izandako tortura eta tratu txarren kasuak argitu ditzan –lan hori garatzeko bidean dago–.
Horren haritik, lehendakariak adierazi duenez, 2020an 1960-1978 epeko ikerketa aurkeztu zen Parlamentuan eta “Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenaren gomendioari jarraiki, urratsak egiten ari dira proiektu zabalago bat sustatzeko.” Helburu horrekin, Hualdek balioan jarri du Torturatuen Sarea egiten ari den lan itzela “Nafarroan torturari buruzko datuak jasotzeko, Foru Komunitate osoan barna; eta datuok laguntzen digute indarkeria-jardunbide horren benetako dimentsioa ezagutzen.”
Era berean, Hualdek aitortu duenez, zorionez “gizartea gero eta jabetuago dago lurralde honetan bizi izan dugun eta denbora luzez isildua izan den fenomeno horren errealitateaz. Erakundeek oraindik ere bide luzea egin behar dute indarkeriaren biktima horien errekonozimendurako eta erreparaziorako”.
Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarea 2019ko otsailaren 2an aurkeztu zen jendaurrean, eta 2022ko otsailaren 12an formalizatu zen elkarte gisa, eta helburu du "ikerketa ofizial, profesional eta independente bat erreklamatzea, Foru Komunitatean azken hamarkadetan tortura jasan duten pertsonen kopurua argitzeko."