Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren eta Sare Elkartearen ordezkariekin
Unai Hualdek berri eman die gaixotasun horrekin lotutako arazoak ikusgai egiteari begira Parlamentuak Hiesaren aurkako Mundu Egunarekin daukan konpromisoaz.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Nafarroako Parlamentuaren egoitzan Asunción Roldán Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren ordezkariari eta Leticia Remón Sare Elkartearen ordezkariari.
Roldanek eta Remonek esplikatu dutenez, bilerak ardatz izan du GIBak Nafarroan eta mundu osoan izandako bilakaeraren azalpena ematea, Hiesaren aurkako Mundu Eguna aurki ospatzekoak garen honetan, ohartarazte aldera ezen "aurten hartzen diren erabakiek markatuko dutela ea 2030ean Hiesaren pandemiak osasun publikoarentzako mehatxu izateari utziko dion".
Horri buruz, bi erakunde horien eledunek azpimarratu dute beharrezkoa dela "behar adinako eta jasangarritasunezko baliabideak ziurtatzea, kaltetuen giza eskubideak babeste aldera ere bai. Legeak, politikak eta jardunak zaindu beharra dago, ezen kasu batzuetan zigortu, diskriminatu eta estigmatizatu egiten baitute. Nafarroako Parlamentuari dei egiten diogu berdintasunean aurrerapausoak ematen segitzeko konpromisoari euts diezaion. Eta gizarteari ohartarazten diogu ez duela bere ernetasuna kamustu behar".
Roldanek eta Remonek amaitu dute aurtengo leloa aipagai harturik, Eskubideen bidetik gu, eta plazaraturik zenbaterainokoa duten kezka, lurbira osoko bazter guztietan finantzaketak jasaten duen murrizketarengatik (39,9 milioi kaltetu, eta 9,3, tratamendurik gabe). Mundua ez doa bide onetik, hiesarekin zerikusia duten heriotzen kopurua 2025. urtean 250.000 baino gutxiagora jaistearen helburua erdietsi nahi bada. Nafarroak kaltetu guztiei behar die tratamendua ziurtatu, maila guztietan", Nazio Batuen GIB/Hieserako ONUSIDA Programa Bateratuan baieztatzen den bezala.
Unai Hualdek, bere aldetik, jakinarazi die Nafarroako Parlamentuak konpromisoa ebatzita duela gaixotasun horren inguruan oraindik ere badirauten arazoak ikusgai egiteko, abiapuntu harturik datorren abenduaren 1a Hiesaren aurkako Mundu Eguna izatearen inguruko balizko ekimen batzuk.
SARE Elkartea gobernuz kanpoko erakunde bat da, GIBak/hiesak zuzenean edo zeharka ukitutako pertsonek osatua. Bere programa ezberdinen bidez zerbitzu batzuk eskaintzen ditu; besteak beste, GIBarekin/hiesarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazioa eta GIBa duten pertsonentzako nahiz ingurukoentzako laguntza emozionala ematea. Gainera, aukera ematen du detektatze-probak egiteko, eta hitzaldiak eta prestakuntza-ikastaroak ematen ditu.
Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde bat da, zeina sortu baitzen GIBari buruz informatzeko, haren transmisioa prebenitzeko, ukitutako pertsona guztiei aholkua eta laguntza emateko eta pertsona seropositiboen eta gaixoen eskubideez kontzientziatzeko.