Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren eta Sare Elkartearen ordezkariekin
Unai Hualdek adierazi die Legebiltzarrak Hiesaren aurkako Mundu Egunarekin daukan konpromisoa, gaixotasun horrekin lotutako arazoak ikusgarri egiteari begira
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Nafarroako Parlamentuaren egoitzan Jon Uranga eta Izaskun Arana Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren ordezkariei, eta Irantzu López eta Goizane Vegas Sare Elkartearen ordezkariei.
Azaldu duten bezala, bileraren mamia izan da GIBaren Nafarroako egoera azaltzea eta bi entitate horien “kezka” helaraztea, zeren eta “GIBaren (giza immunoeskariaren birusa) eta sexu-transmisiozko beste gaixotasunen eragina pandemiaren aurreko mailara igo baita”.
Hori dela eta, Sareren eta Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarraren ordezkariek lehendakariari aldarrikatu diote “dauden programak indartu beharra" dagoela, besteak beste, erdigunean jartzeko “diagnostiko goiztiarra eta prebentzio konbinatua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken buletin epidemiologikoaren arabera, 2021ean 21 kasu berri detektatu dira Nafarroan, batez ere gazteen artean”.
Horiek horrela, Sarek eta Hiesaren aurkako Batzordeak babesa eskatzen diete erakundeei, beraien ekimenak sustatzeko, behar adina baliabideren bidez ere. Aurten GIBarekin bizi diren pertsonen eskubideak nabarmendu nahi ditugu ikusgarritasunaren eta duintasunaren arteko baliokidetasunari azpimarra jarriz. Helburu horrekin dator Pride+ ekimena: ekintza publiko sorta bat, ohartarazte aldera estigmak eta diskriminazioak badirautela. Ekimenaren amaiera Madrilen izanen da, hilaren 19ko manifestazio batekin”.
Unai Hualdek, bere aldetik, jakinarazi die Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen duela gaixotasun hori dela-eta beren horretan dirauten arazoak ikusgarri egiteko, eta, hasteko, datorren abenduaren 1ean, Hiesaren aurkako Mundu Egunean, ekimen batzuk bultzatzeko aukera aipatu du.
SARE Elkartea gobernuz kanpoko erakunde bat da, GIBak/hiesak zuzenean edo zeharka ukitutako pertsonek osatua. Bere programa ezberdinen bidez zerbitzu batzuk eskaintzen ditu; besteak beste, GIBarekin/hiesarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazio-ematea eta GIBa duten pertsonentzako nahiz ingurukoentzako laguntza emozionala. Gainera, aukera ematen du detektatze-probak egiteko, eta hitzaldiak eta prestakuntza-ikastaroak ematen ditu.
Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde bat da, zeina sortu baitzen GIBari buruz informatzeko, haren transmisioa prebenitzeko, ukitutako pertsona guztiei aholkua eta laguntza emateko eta pertsona seropositiboen eta gaixoen eskubideez kontzientziatzeko.