Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Uztailak 2

Parlamentuko lehendakaria Nafarroako Ezgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Federazioko (COCEMFE) ordezkariekin bildu da

Unai Hualdek ezgaitasuna duten pertsonek bizi duten egoera jakinaraziko die Ganberako taldeei, federazioa osatzen duten entitateek eskatutakoari erantzunez

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Ezgaitu Fisiko eta Organikoa duten Elkarteen Federazioko (COCEMFE) ordezkariei harrera egin die gaur Legebiltzarreko Julia Álvarez aretoan. Ordezkari gisa etorri dira Manuel Arellano lehendakaria, Edurne Jauregui gerentea eta Juantxo Remón diruzaina.

 

Manuel Arellanok azaldu duenez, bilkuraren helburua da lehendakariari eta, bide batez, Parlamentu osoari jakinaraztea zer gabezia hauteman diren ezgaitasunak dituzten adingabeen haur-hezkuntzan, bai eta adineko pertsonen hezkuntzan ere, kasu honetan, Covid-19ren eraginari dagokionez.

 

“Haur Hezkuntzan errehabilitazio eta terapia arloan dagoen arreta faltaren berri eman nahi izan dugu, eskola aldia amaitu ondoren arreta gabe geratzen direla azaltzeko. Adineko pertsonei dagokienez, koronabirusak berez larria den egoera bat areagotu besterik ez du egin. Gure kezken berri eman nahi diogu Legebiltzarrari, bertatik zer egin daitekeen ikusteko”, esan du Arellanok.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, COCEMFEri jakinarazi dio problematika honen inguruko informazioa talde parlamentarioei igorriko diela, zehazki Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako batzordeetako ordezkariei. Era berean, COCEMFEri helarazi dio irailetik aurrera Legebiltzarrak entitate eta elkarteekin lan-bilkurak berreskuratuko dituela, osasun baldintzek eragozten ez badute.

 

Nafarroako Ezgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Federazioa (COCEMFE) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, duela 10 urte baino gehiago sortua, pertsona hauen autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko helburua duena zerbitzu propioen eta kide diren entitateen ordezkaritzaren bidez. Nafarroako Gobernuaren azkeneko Ezgaitasun Planaren arabera, Nafarroan 32.000 pertsona ezgaitu daude (41.000, ziurtagiririk ez dutenak barne), %60 baino gehiago, fisikoa edo organikoa.