Parlamentuaren ordezkaritza batek bisita egin du Aralarko San Migel santutegira
Ostatua eraberritzeko dirulaguntza eskatu dute, San Migelen Ibilbideen Europako Sarea aitortua izateko eskaerari oinarri ematen dion proiektuaren hurrengo urratsa
Garapen ekonomiko eta Enpresarialeko eta Kultura eta Kiroleko Batzordeetako zenbait parlamentarik bisita egin dute gaur Aralarko San Migel santutegira, Aralarko mendikatearen gailurren artean kokatuta dagoen horretara, Uharte-Arakilgo udal dermioan.
Honako parlamentari hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Aralarko San Migel kofradiako lehendakari Joxe Mari Ustarroz jaunak, santutegiko kapilau Mikel Garciandia jaunak eta proiektuaren zuzendari Juan Carlos Recio jaunak.
Bisitaren helburua, Ustarroz, Garciandia eta Reciok azaldu dutenez, alde batetik izan da Lakuntzetxe eraikina berregiteko obren berri ematea; eta, bestetik, esplikatzea zer berezitasun dituen San Miguelen Toki eta Bideen Europako Sarea Europako Kontseiluaren kultur ibilbidetzat aitortua izateko eskaeraren atzean dagoen proiektuak.
Parlamentuaren ordezkaritzak ikusi du nolako emaitza izan duten santutegiaren atzealdean dagoen Lakuntzetxe edo Deierri eraikina eraberritzeko lanek. Etxe horretan dago kokaturik, besteak beste, berriki inauguratutako museo bat, helburutzat daukana "bide gisa jardutea Iruñeko Katedralaren sagaratzea zela-eta egin zen lehenbiziko Aingeru-irtenaldi frogatuan lagun egin zioten eliztarren debozioa eta esperientzia ezagutarazteko", Mikel Garciandiaren hitzetan.
Museoa euskarri interaktiboek osatzen dute, erlijio-gune horren esmaltedun aurrealdea eta IX. mendetik aurrerako bilakaera erakusten dituztenak. Ikus-entzunezko baliabideak ere badauzka, eta 6x2 metroko panel bat, Done Jakueren bidea, ignaziotarra, Benetako Gurutzearena eta San Migelena erakusten dituena.
Azaldu dutenez, bainugelen, museo-harreragunearen eta dendaren atontzearekin –abendurako daude aurreikusita– amaituko dira lanean emandako hiru urte, eta buru emanen zaio horrela proiektuaren lehen faseari, zeinak helburu baitu Aralarko San Miguel santutegia bide-elkargune bihurtzea.
Aipatu proiektuaren hurrengo fasea ostatuaren eta aterpetxearen eraberritzeari dago eskainia. "Lehentasunezko proiektua dugu, Europako kultur ibilbidean bategite-gune izatea lortzeko; gure ustez, urtean 78.000 bisitari hartzen dituen santutegi batek beharrezko du toki bat edukitzea jendea bertan geratu ahal izateko", dio Juan Carlos Reciok.
Proiektuak ostatuaren eraberritzea aurreikusten du, eta behe-solairuan gazte-aterpetxe bat paratzea ere jasotzen du. Horren guztizko kostua 2,5 milioi eurokoa izanen da. Horretarako, Aralarko San Migel Kofradiatik Parlamentuari eskatu diote Nafarroako Aurrekontu Orokorretan izendun partida bat jaso dadila obrak aurrera eramateko. Obra horiek bi fasetan eta bi ekitalditan zehar egitea proposatzen dute.
San Miguelen Toki eta Bideen Europako Sareak xede du lan egitea kulturaren, monumentu-ondarearen, ondare erlijiosoaren, turismo jasangarriaren eta bertako produktuen alde. Ibilbide bihurtzeak esan nahiko luke tokiak eta bideak txukuntzera eta sustatzera bideraturiko Europako funtsen banaketan parte hartu ahal izatea.
"Espero dugu datorren maiatzerako jasota edukitzea Europako Batzordeak emandako aldeko irizpena. Praktikan, horrek bultzada emanen lioke Santiagoren eta Atlantikoko kostaldearen arteko loturari eta, daukan kokaleku estrategikoa dela-eta, San Miguel santutegiari ere, non hiru urte daramatzagun etengabeko eraberritze-lanetan, bertako erakargarritasuna areagotzeko", adierazi du Garciandiak.
Parlamentariek informazio guztia bildu dute, egoki iritzi izanez gero kasuko aurrekontu-ekimenei ekiteko.