Parlamentuak “Nire eskubideak giza eskubideak dira” deritzon erakusketa inauguratu du, Unicefek Haurren Mundu Egunaren inguruan antolatua
Erakusketa azaroaren 21era arte egonen da ikusgarri, eta ibilbidea egiten du Haurraren Eskubideen Konbentzioaren edukian zehar, onetsi zeneko 35. urteurrena baita
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nire giza eskubideak deritzon argazki erakusketa inauguratu du gaur. Unicefek Haurren Mundu Egunaren markoan antolatutako ekimena da, bat etorri dena Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Konbentzioa onetsi zueneko 35. urteurrenarekin.
Unai Hualdek adierazi duenez, “bizitza osasuntsua, kalitatezko hezkuntza eta askotariko abusuen eta indarkeriaren kontrako babesa izateko eskubideak” helburu ukaezina dira haurrez mintzo garenean, “biztanlerik zaurgarrienak baitira. Haurren pobreziaren tasek diskriminazio arriskua areagotzen dute, are gehiago desgaitasuna duten edota atzerritarrak, errefuxiatuak, asilo eskatzaileak eta gutxiengo etnikoetakoak diren haurren kasuan. Pentsatu ohi dugu herri pobreek berezko duten zerbait dela, baina gure kaleetan ere urratzen dira oinarrizko eskubideak”, lehendakariak azaldu duenez.
Horren harira eta nafar erakundeen rolari helduta, erabateko “konpromisoa” baitute “pertsona guztien eskubideak bete eta errespetatzeko”, Unicefek eta beste erakunde batzuek egiten duten lana azpimarratu du Unai Hualdek, ikusmira jartzen baitute kolektiborik ahulenen eta zaurgarrienen beharretan eta haien inguruko ez-betetzeetan. “Izan gaitezen elkarte honek eta beste elkarte eta kolektibo batzuek gure lurraldean egiten duten lanaren bozgorailu. Ez da kontu hutsala, haurren ongizate oinarrizkorako alderdi funtsezkoak baizik”, nabarmendu duenez.
Errepasoa egin ostean “Palestinako genozidioaren, Ukrainako gerraren eta Mediterraneoko, Atlantikoko eta munduko beste parte batzuetako ezbeharren” inguruan, amaitzeko, Haurraren Eskubideen Konbentzioko itunak berretsi ditu lehendakariak, eta nahia agertu du inauguratu berri den erakusketa askok bisitatu dezaten, bereziki ikastetxeek. “Eskerrik asko”.
Jarraian, Joaquín Mencos jaunak, Unicef Comité Navarraren presidenteak, arreta jarri du haurren eskubideen “espezifikotasunaren” inguruan, haien “premia bereziei” lotuta baitaude, hain zuzen. “Haurrak ez dira ez gurasoen jabetza ez karitateko obra baten onuradun babesgabeak. Gizakiak dira, eta haien eskubideen titularrak. Horregatik du izen hori erakusketak: Nire eskubideak giza eskubideak dira”.
Hori horrela, Mencosek adierazi duenez, Haurraren Eskubideen Konbentzioa, Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1989ko azaroaren 20an onetsia, “historian gehien berretsi den giza eskubideen tratatua da. Adingabea banako gisa ikusarazten du, haren adinarekin bat datozen eskubideak eta betebeharrak dituen izaki oso gisa. Haren giza duintasuna errekonozitzen da, oinarrizko bizi-kalitatea izateko eskubidea ere bai eta, nahiz eta batzuetan antza eman, hori ez da inolako pribilegioa”.
Inaugurazioaren ekitaldiaren ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute, Unicef Comité Navarraren koordinatzaile Maider Gabilondoren eskutik, eta bera izan da erakusketaren komisarioa.
Nire eskubideak giza eskubideak dira izeneko erakusketa argazkiak eta testu elebiduna dituzten kartoizko hamar panelek osatzen dute, eta horien bitartez ibilbide bat egiten da Haurraren Eskubideen Konbentzioaren edukietan zehar.
Legebiltzarraren egoitzako atalondoan jendearentzat zabalik egonen da azaroaren 21era arte, 09:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, ostegunetan salbu, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.
Legebiltzarraren egoitzako atalondoan izan da erakusketa irekitzeko ekitaldi ofiziala eta honako hauek izan dira bertan, besteak beste: lehenengo lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehenengo idazkari Yolanda Ibáñez, bigarren idazkari Mikel Zabaleta, Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Eneka Maiz (EH Bildu), eta Isabel Aranburu (Geroa Bai).