Parlamentuak Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi du
Nafarroan bizi eta desgaitasuna duten pertsonek ez dezaten jaso beste lurralde batzuetan ematen dena baino tratu okerragorik, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespenari dagokionez
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 2/1995 Foru Legearen aldaketa.
PSN talde parlamentarioak bultzatu du aldaketarako foru legea, eta irakurraldi bakarrean izapidetu da. Nafarroako legeria egokitzea du xede, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespena aplikatu ahal izateko desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutako ibilgailuei, bai eta bereziki egokitutako ibilgailuen titularrei eta % 33 edo gehiagoko desgaitasun-gradua duten pertsonen izenean matrikulatutako ibilgailuei ere.
Salbuespena jaso ahalko dute, halaber, Desgaitasun gradua aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera mugikortasun urritua duten pertsonek. Salbuespena pertsona bakoitzeko ibilgailu batekoa izanen da gehienez, eta ez zaie aplikatuko 12 zaldi fiskaletik gorako ibilgailuei. Adingabeak eta defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala duten pertsonak ere salbuetsi eginen dira. Baita begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa dutenak (zuzenketarekin) eta 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikuseremua dutenak ere.
PSNren zuzenketa aurrera atera da UPNren aurkako botoekin baina gainerakoen aldekoekin, 12 zaldi fiskaletik gorako ibilgailuei salbuespena aplika ez dakien bultzatzen duena.
UPNrena berriz baztertu egin da, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen Lege berriak kaltetutako Toki Entitatee galdutakoa konpentsatu ziezaien. Zuzenketa Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aurkako botoekin baztertu da, inpaktua oso txikia izango dela uste baitute, %2 ingurukoa. PPNren babesa, beraz, ez da nahikoa izan.
Legea 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
-
Foru lege proiektua (120. NPAO, 2018-10-05ekoa)