Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Azaroak 17

Parlamentuak premiatzen du NUParen Tuterako campusaren jarduketarako eta etorkizuneko garapenerako ildoak zehatz ditzan

Parlamentuak, Gobernuak, Tuterako Udalak, NUPeko Gizarte Kontseiluak eta eskualdeko entitateek osatutako lan batzorde baten bitartez

UPN, PSN, Podemos-Ahal Dugu, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “lan batzorde bat sor dezan, zeinak helburu izanen baitu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusaren jarduketarako eta etorkizuneko garapenerako ildoak finkatu eta zehaztea”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan zehazten denez, batzorde horretan sartuko dira, gutxienez ere, “Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua, Tuterako Udala eta NUPeko Gizarte Kontseilua. Parte hartuko dute, halaber, Nafarroako Erriberako eragile eta erakundeek, haietan sartuta EDER Partzuergoa, ETI Lanbide Heziketako Ikastetxe Politekniko Integratua, Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitatea, Erriberako Enpresaburuen Elkartea, erakunde sindikalak eta, Erriberaren garapenerako faktorea den heinean, Tuterako campusaren etorkizunerako ekarpen muntadunak egin ditzaketen gainerako entitateak”.


Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, eta ekimenaren titularrak, PSNk, ez du onartu. Zuzenketa horretan Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion lantalde bat eratzeko, “NUPekin eta Gizarte Kontseiluarekin batera, NUPen Tuterako campusaren jarduketa ildoak eta etorkizuneko garapena zehatz ditzan”.


PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean 2016-2019 aldirako Plan Estrategikoa aipatzen da, errektoreak Parlamentuan aurkeztua, eta, “epe ertainean jardunerako gida ona” dela aitortuta ere, ohartarazten da kanpoan gelditu zirela “gai garrantzitsu batzuk, esaterako, eredu garbi bat edukitzea Nafarroak behar duen Unibertsitate Publikorako”, eta, horrekin lotuta, plan horrek ez duela “espresuki aipatzen Tuterako campusa”.


Horren haritik, proposatzailearen esanetan, “Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren ondorioz izandako aldaketen, ikaskuntza-moldeen eta graduen bilakaera akademiko logikoa gertatuta ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eredua duela 35 urtekoa bera da oraindik”. Hori zehaztu ondoren, eredua “berrikusteko” eta berrikuspen horretan Tuterako campusaren “etorkizuneko garapenerako ildoak” sartzeko eskatzen du proposatzaileak.

www.nafarroakoparlamentua.eus