Parlamentuak ostegun eta ostiral honetan eginen du X. legegintzaldiko Foru Komunitatearen egoerari buruzko lehen eztabaida
Erantzun sanitarioa, suspertze sozioekonomikoa eta zorpetzeari lotutako aurrekontu-egoera berria, COVIDak oztopatutako ekitaldia aztertzeko ardatz nagusiak
Nafarroako Parlamentuak ostegun eta ostiral honetan, urriak 29 eta 30, eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida.
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onetsi dituzten arauekin bat, eztabaida hilaren 29an hasiko da –osteguna–, 09:15ean hasita, Gobernuko lehendakariaren azalpenarekin. Ondoren, ordu erdiko etena eginen da.
Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutu–, handitik txikira, lehendabizi oposizioko alderdiek –Navarra Suma eta EH Bildu– eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenek –PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E–.
Hitzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak horiei erantzuna emanen die. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, eta Gobernuko lehendakari María Chiviteren ihardespenarekin bukatuko da.
Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari gehienez ere 5 erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.
Gehieneko edukieraren mugak (%30) kontuan hartuta, Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan presentzialki egonen dira Gobernuko lehendakaria, bi lehendakariordeak, Mahaiko bost kideak, legelari nagusia edo honen ordezko legelaria, Navarra Sumako 2 ordezkari, PSNko 2, Geroa Baiko 2, EH Bilduko 2, Podemos-Ahal Duguko 1 eta I-Eko parlamentari bakarra.
Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidak ostiralean –hilaren 30ean– jarraituko du, 09:15ean hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena bezperako berbera izanen da –hau da, handitik txikira–; lehendabizi oposizioko taldeak eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenak.
Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu; gehienez ere, 10 minutu. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.
Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.
Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaida egin izan denean edo bilkuraldi horretan hauteskundeak egin behar direnean, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.
Manu horrek orobat ezartzen du eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko diola horri buruzko komunikazio bat.
Bidalitako komunikazioan adierazten denez, Gobernuko lehendakariak bere hasierako hitzartzean "Gobernuak Covid-19ren pandemiak eragindako osasun-krisiari dagokionez egindakoa” errepasatuko du, izan ere, krisiak “zerbitzu publikoei eta gizartearen eta enpresen beharrei erantzuteko aurrekontu-egoera birpentsarazi eta birplanteatu baitu".
Ildo horretan, María Chivitek "berreraikitze sozial eta ekonomikoa" egungo erronka gisa defendituko du, Nafarroa Suspertu plana abiapuntutzat hartuz. Plana "digitalizazioan, jasangarritasunean eta inklusioan" oinarritzen da eta hiru ardatz horiek Europako New Generation-ek dituenarekin bat datoz, eta hortaz, are garrantzi handiagoa ematen diote PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako legegintzaldiko akordioan adostutako eredu sozial eta ekonomikoari”.
Hitzarmen Ekonomikoaren oinarri izango den urte berria negoziatzeko zain, Gobernuko lehendakariak "elkarrizketa eraikitzailea" eskatuko du, osasun-egoeratik haratago, funtsezko gai hauetan aurrera egiteko: "hezkuntza, kontziliazioa, egoitza-ereduaren eraldaketa, transferentziak – trafikoa, espetxe-osasuna eta gutxieneko bizi-diru-sarreraren kudeaketa –, bizikidetza edo telelana".
Bestalde, Navarra Suma eta EH Bildu talde parlamentarioek Gobernuaren erantzuna epaituko dute eta, bakoitzak bere ikuspegitik, hurrengo ekitaldiko gakoak eta lehentasunak azalduko dituzte.
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Argitalpena (112. NPAO, 2017-09-12koa)