Parlamentuak Nafarroaren Eguna ospatu du, eta Danserie Ensemble taldeak kontzertu bat egin du Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarrituta, euskarazko lehenengo liburua baita, Etxeparerena
Hualdek eskubide linguistikoak aipatu ditu eta proiektu horren irismena azpimarratu du, xedetzat baitu “gure historiaren eta gure kulturaren garrantzia nabarmentzea, gure hizkuntzaren bitartez”
Danserie Ensemble taldearen kontzertuarekin Nafarroako Parlamentuak amaiera eman dio Nafarroaren 2024ko Eguna dela-eta antolatu den jardueren egitarauari, eta kasu honetan euskararen jatorri idatzizkoa ekarri dute gogora Linguae Vasconum Primitiae obran oinarritutako emanaldi baten bitartez. Euskarazko lehen liburua da (genero lirikoa) eta Bernat Etxeparek idatzi zuen (1545).
Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Lehendakari Unai Hualderen agur-hitzen ondoren Danserie Ensemble taldearen kontzertua izan da. Kargudun hautetsi ugari bildu dira, bai eta gizarte zibileko hainbat erakunde, elkarte eta kolektibotako ordezkariak ere. Guztira hirurehun bat pertsona izan dira bertan.
Nafarroaren ereserkia entzun ostean, Unai Hualdek hartu du hitza eta, Nafarroaren Egunaren markoan ohi den bezala, aurten gure historiaren eta kulturaren askotariko uneak aintzatesteko aukeratu den emanaldiaren testuingurua azaldu du.
“Oraingoan, Euskararen Nazioarteko Eguna ere badela aprobetxatuta, nafar literaturan garrantzi handia duen pertsonaia bat ekarri nahi dugu gogora: Bernat Etxepare. Plazera eta ohore handia da Euskarabidearekin eta Euskaltzaindiarekin partekatu ahal izatea proiektu honen eszenifikazioa, gurea dugun euskal hizkuntzaren bitartez gure historiaren eta gure kulturaren garrantzia azpimarratzen baititu”, Hualdek adierazi duenez.
Gauzak horrela eta euskara hizkuntza propio gisa defendatzearen inguruko askotariko iritziei helduta, lehendakariak esan du “baloratu” egin behar direla erakundeek euskararen alde ematen dituzten urratsak. Gaur egun eta zailtasun guztiak gorabehera, nafar gizartea gero eta euskaldunagoa da eta gero eta gehiago preziatzen du euskara. Espero dugu epe ez luzeegian beharrezko gehiengoa bilduko dugula euskaldunen eskubide linguistikoak gainerako eskubideen hein berean errespeta daitezen”, esan duenez.
Amaitzeko, Bernat Etxepareren obraren eta figuraren inguruan egindako ikerketa lanaren ondoriozko kontzertuaren disko-liburua editatzeko Pamielak egindako apustuagatik eskerrak eman ditu Unai Hualdek eta, ondoen, eskerrak eman ditu ere bai Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta ikusleen inplikazioagatik. “Bederatzi urtetan edukiera arazoak izan ditugun lehenengo aldia da. Argi eta garbi dago euskara, gure kultura, bizirik dagoela. Bai eta garrantzitsua dela ere erakundeek gure hizkuntzaren alde egiten duten lana. Espero dut Danserie Ensemblez gozatuko uzuela. Milesker”.
Jarraian, Unai Hualdek Foruen estatuaren marmol hautsezko kopia bat eman die Euskaltzaindiako presidente Andrés Urrutiari eta Danserie Ensembleren ordezkari Eneko Páezi.
Horren ostean, Euskaltzaindiako presidente Andrés Urrutiak erakunde osoaren izenean eskerrak eman ditu “foro honetan Nafarroaren izaerak berebizikoa duen zerbait azpimarratzeko aukera emateagatik: euskara, alegia. Etxepareren harira bi alderdi azpimarratu nahi ditut: euskara idatziaren lehenbiziko testigantza utzi zigula eta, gainera, poesiaren bidez egin zuela. Haren bertsoak profetikoak izan dira; gure identitatea, hain zuzen, bere testigantzaren gainean dago eraikita. Gogora dezagun haren mezua, ‘Jalgi hadi plazara’, eta atera dezagun euskara kalera, mundura. Horretarako dago Euskaltzaindia eta horretan jarraituko dugu, egungo errealitatetik abiatuta. Eskerrik asko”.
Behin aurkezpena amaitu ondoren, Danserie Ensemble taldearen emanaldia hasi da. Iruñeko taldea da honako hauek osatua: Marta Huarte, sopranoa, Andoni Sarobe, baritonoa, Ihitz Iriart, kontraltoa, eta zazpi musikari. Kontzertuak 70 minutuko iraupena izan du eta 16 piezaz osatuta egon da: sortu ziren garaiko (1545) berezko soinuekin musikatutako 16 poema.
Emanaldia Nafarroaren 2024ko Egunaren ospakizunen markoan antolatu da eta honako hauek izan dira bertan, besteak beste: Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, Nafarroako Gobernuaren bigarren lehendakariorde Ana Ollo, Iruñeko Udaleko zinegotzi Aitziber Campión, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejería, Gipuzkoako Batzar Nagusien presidente Xabier Ezeizabarrena, Isabel Olave (UPN), Laura Aznal, Oihan Mendo (EH Bildu), Pablo Azcona, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari Sagrario Alemán eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde Paskual Rekalde.
Abenduak 3, Nafarroaren Eguna
Nafarroaren Eguna abenduaren 3an ospatzen da urtero eta, hori dela-eta, Legebiltzarraren egoitzaren fatxada gorriz argiztatuko da asteartean iluntzean.
Ate irekiko jardunaldiak
Abenduaren 4an eta 5ean Nafarroako Parlamentuak ateak irekiko dizkie herritarrei, egin ohi diren ate irekiko jardunaldietako beste edizio batean
Abenduaren 4ko (asteazkena) bisitak 16:30, 17:30 eta 18:30ean izanen dira; abenduaren 5ean (osteguna) ere 16:30 (euskaraz), 17:30 eta 18:30ean eginen dira. Bisita doakoa izanen da eta eskabidea telefono bidez eginen da (948 209 209) 08:00etatik 17:30era bitarte astelehenetik ostegunera eta 08:00etatik 15:00etara ostiraletan.
Bisitariek Nafarroako Parlamentuaren egoitzako bazterrak ikusiko dituzte, osoko bilkuren aretoa, batzordeen aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, atalondoa eta erakunde aretoa.
Ibilbidean zehar bisitariek Parlamentuko lanak egiten diren tokiak ezagutzeko aukera izanen dute: legeak onesten eta Nafarroako Gobernuko kideei kontrola egiten zaien lekuak. Azken batean, azalpenak eta informazioa jasoko dituzte Nafarroako botere legegilearen eginkizunei, antolaketari eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuko arte bildumaren zati bat ere ikusteko aukera izanen dute, bisitetan zeharkatzen diren aretoetako hormetan zintzilikatuta dauden obren bitartez.