Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio publikoak diren eraikin artistiko eta monumentaletan inbertitzeari lehentasuna emateko
Mozioak Eliza Katolikoarentzako pribilegioen politika gaitzesten du eta higiezin pribatuetako esku-hartze ororen aurretik txosten tekniko eta ekonomikoa egin dadila eskatzen du
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren baiezko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren ezezko botoekin Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “lehentasuna eman diezaien Nafarroako Gobernuaren edo udalen titulartasunekoak diren eraikin historiko, artistiko eta monumentaletan beharrezkoak diren inbertsioei”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, “Eliza Katolikoak era ez-legitimoan immatrikulatu dituen ondasunak berreskuratzeko egin beharko diren jarduketak ezertan ukatu gabe”, Foru Gobernuari eskatzen zaio “14/2005 Foru Legearen 7. artikuluak aipatzen duen batzorde mistoa sortu eta haren deialdia” egiteko, “bermatze aldera Nafarroako erakunde publikoek gaur egun Eliza Katolikoaren jabetzakoak diren eraikinetan egindako inbertsio publiko guztiek beraiekin ekar ditzaten erabilera- eta ustiapen-eskubideak, Nafarroako herritarren mesedetan”. Puntu horrek aurrera egin du UPNren eta PPNren aurkako botoekin eta gainerakoen babesarekin.
Hirugarren atalak dioenez, bestalde, “kontuan hartuz izaera monumental, artistiko eta kulturala duten titulartasun publikoko eraikin askok behar duten inbertsioa, Nafarroako Gobernuak eta Vianako Printzea Erakundeak titulartasun pribatuko eraikinetan edozein inbertsio egin aurretik azterlan tekniko eta ekonomiko zorrotz bat prestatuko da, inbertsio hori ondare publikoko beste inbertsio batzuen aldean lehenestea justifikatuko duena. Azterlan hori Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean aurkeztuko da, aipatu inbertsioaren arrazoiak azaltzeko eta parlamentu-taldeen jarrera ezagutzeko”. UPN eta PPN abstenitu egin dira, eta gainerakoek aldeko botoa eman dute.
UPNk gehitzeko zuzenketa bat proposatu du in voce: “Nafarroako Gobernuak hiru hilean behin parlamentu-taldeei informazioa eman diezaiela eraikin historiko, artistiko eta monumentaletan egitekoak diren inbertsioei buruz, eraikin horietan Administrazio publikoak esku hartzea gomendatzen duten txosten teknikoak ere erantsita. Jarduketa presakoa bada, informazio egokia emanen da Parlamentuan”.
EH Bildu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean harrigarritzat jotzen dira balio kultural, artistiko eta monumentala duten eraikinak mantendu, birgaitu eta zaharberritzeko inbertsio publikoetan erabili izan diren parametroak, izan ere, 2007tik hona helburu horretarako jarri diren 43.146.557 euroetatik 21.890.951 bideratu baitira titulartasun pribatuko eraikinetara, gehienbat Eliza Katolikoaren eraikinetara.
Proposamen-egilearen ustez, Eliza Katolikoari pribilegioak emateko politika hori 14/2005 Foru Legearen aginduaren kontra baliatu da. “Izan ere, jabetza hori modu ez-legitimoan eskuratzeaz gain (parlamentu honen posizionamendu politikoetan adierazitakoaren arabera), salbuetsirik gelditu da jabe orori eraikinak babestu eta zaintzeko dagokion erantzukizunetik”.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (78. NPAO, 2016-05-27koa)