Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sortzen diren zerga berriak Foru Komunitatean kudeatu ahal daitezen
Osoko Bilkurak salatu du Nafarroaren eskumenetan sartzea dela legezko aterki bat baliatzea Hitzarmen Ekonomikoa bazter utziz zerga berriak ezartzeko
Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek baiezko botoa eta PSNk ezezkoa emanda, Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Estatuko Gobernuari exiji diezaion Hitzarmen Ekonomikoari buruzko abenduaren 26ko 28/1990 Legean ezarritakoa betetzea, halako moduz non sortzen diren zerga berriak esparru horretan sartuko diren eta Foru Komunitatean kudeatu ahalko diren”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntu bat dago, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “Hitzarmen ekonomikoan sar ditzan energia-enpresei eta banku- zein kreditu-entitateei ezarriko zaizkien aldi baterako karga berriak, Diputatuen Kongresuan eztabaidatzeko daudenak, Nafarroako Foru Komunitateari aitortze aldera karga berri horiek arautu eta kudeatzeko eskumena”. Epigrafe hori dator EH Bilduk aurkeztutako gehitzeko in voce zuzenketa batetik: Geroa Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute, PSNk aurkakoa, eta Navarra Suma eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira.
Era berean, hirugarren apartatu batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Kontseiluari txosten bat eska diezaion, Nafarroako Foru Araubidearen eskumenen defentsa indartuko duena, ikusirik gaur egun zer idazketa duen energiaren arloko eta kreditu- entitate eta kreditu-entitate finantzarioen arloko aldi baterako kargak jartzeko Legeak, Diputatuen Kongresuan berriki aurkeztu denak”. Epigrafe hori sortu da Navarra Sumak erregistratu duen gehitzeko in voce zuzenketa batetik. Geroa Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute. EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu abstenitu egin dira.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak bultzatutako mozioak salatzen du “eskumenetan sartzen” dela lege-proposamen bat zeinean, tributukoa ez den ondare-prestazio publiko izenarekin eta horrenbestez “Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren bidez aldez aurretik hitzartu behar gabe”, PSOEk eta Podemos-Ahal Duguk aldi baterako zerga bana ezarri nahi dieten finantza-entitateei eta energia-enpresa handiei.
Proposatzailearen ustez, “prestazio publikoa” izenaren legezko aterkiak Estatuari bide ematen dio “zuzenean kudeatzeko” bi zerga horiek, “indarrik gabe utziz Hitzarmen Ekonomikoan zerga sortu berriei buruz xedatutakoa; horixe gertatu zen Google eta Tobin deitutako tasekin, Hitzarmenean sartu behar izan baitziren, hura aldez aurretik aldatuta, jakina”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (95. NPAO, 2022-09-06koa)