Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Maiatzak 5

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Ebro ibaiaren eta bere ibaiadarren egiazko egoera azter dezan

Landa Garapeneko Batzordearen bisitaren ondoren egiaztatuta dago kalte nabarmenak daudela 2014ko eta 2015eko uholde eta euriteez geroztik

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “azterlan xehakatu bat egin dezan, zuzenean nahiz Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin koordinaturik, Ebro ibaiaren eta bere adarren (Aragoi, Arga, Ega, Alhama, Linares, Queiles eta Odrón) egoera errealari buruz. Azterlan horretan ibai horien zolen eta babes-lubeten egoeraren deskribapen bat jasoko da”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek gehitzeko zuzenketa aurkeztu dute, eta ekimenaren titularrak, UPNk, onartu egin du. Gehitutako atal horretan Foru Gobernua premiatzen da “jarrai dezan behar diren kudeaketak egiten, Ebro ibaiaren kudeaketan parte hartzen duten erakundeak bildu ahal izan daitezen, haiek osatzen baitute Ebro ibaiaren erdiko tartearen koordinaziorako Batzorde Teknikoa”.

Gainera, Nafarroako Gobernuari deia egiten zaio “Ebro Foroaren funtzionamendu egokia eta etengabea biziberritu eta bermatzeko, eta, ikuspegi orokorretik, detekta daitezkeen arazo guztietarako behar diren azterlanak egitea eta balizko konponbideei ekitea proposatzeko”.

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean gogora ekartzen da Landa Garapeneko Batzordeko kideak bisitan joan zirela, ureztatzaile-elkarteen arduradunekin batera, Tuterako udalerriko hainbat eremutara, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan zituztela “Ebro ibaiaren eta bere ibaiadarren ibilguen eta lubeten egoeraren ondorioak, bereziki nabarmenak 2014ko azaroan eta 2015eko otsailean izandako gainezkatze eta uholdeen ondoren”.

Ildo horretan, eta N-113 errepidea ixtea ohikoa bihurtzen ari dela gogorarazi ondoren, proposatzaileak, nekazarien eta udalen eskariak bere eginez, ibilguak garbitzeko eta babes-motak zaharberritu eta lehengoratzeko premia dagoela adierazten du, zeren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aitortu baitu “Ebro ibaiaren zola metro bat baino gehiago hazi dela zenbait alderditan, eta legar-pilaketa errealitate bat dela”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (56. NPAO, 2016-04-22koa)