Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 20

Parlamentuak Inés Olaizola hautatu du Nafarroako Kontseiluko kide izateko

NUPek proposatu du ospe handiko legelari gisa, eta Foru Erkidegoko organo aholku-emaile nagusian sartuko da 8 urteko agintaldi bakarrerako
 

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Inés Olaizola Nogales hautatu du gaur Nafarroako Kontseiluko kide berri gisa. Kontseilu hori Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, eta bost kidek osatzen dute. Kide horien izendapena 8 urte arteko agintaldi bakar baterako da, eta Ganberaren gehiengo osoaren bermearen mende dago.


Ines Olaizolak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin (30 boto) alderdien babesa jaso du. UPNk, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko Parlamentariak boto zuria eman dute (20). 

 

Inés Olaizola Nogales Zuzenbide Penaleko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ibilbide luzea du ikerketan. Ustelkeria publikoa eta genero-indarkeria ditu ikergai nagusi. Gainera, NUPeko idazkari nagusia (2015-2019) eta irakasleen errektoreordea izan da ((2019-2025). Hauteskunde Batzorde Zentraleko bokala izan zen 2017tik 2020ra. Orain arte Nafarroako Kontseiluko presidente izan den Jose Luis Goñi Sein ordezkatuko du.

 

Parlamentuko aurreko izendapenak 2024ko maiatzean egin ziren, Ganberak Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos Nafarroako Kontseiluko kide izendatu zituenean.

 

Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorena da. Bere eginkizunak betetzean, Nafarroako Kontseiluak begiratuko du betetzen direla Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa eta gainerako ordenamendu juridikoa. Bere irizpenek abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak eduki ditzakete, gaiaren izaeragatik edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatu duelako, eta, orobat, Administrazioak bere helburuak eraginkortasun handiagoz betetzeko bada. Era berean, Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak aurrera eramateko autonomia organiko eta funtzionala izanen du, bere objektibotasuna eta independentzia bermatuko badira.


Nafarroako Kontseilua bost kidek osatzen dute. Nafarroako Parlamentuak proposaturik eta gehiengo osoz hautaturik, Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuko ditu kide horiek, entzute handia, gutxienez ere 15 urteko lanbide esperientzia eta nafartasun politikoa duten legelarien artean. Honako hauek proposatzen ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak: a) Parlamentu-talde batek edo batzuek. b) Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak. c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.


•    https://parlamentodenavarra.es/eu
•    Arauak (3. NPAO, 2025-01-17koa)
•    Hautagaia aldarrikatzea (31. NPAO, 2024-03-14koa)