Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen du bere gobernu-ekintzan Ekonomia Zirkularraren printzipioak aplika ditzan

Birziklatzean, energia aurrezpenean eta emisioen murrizketan sakondu nahi da, EBk taxututako estrategia aplikatuz, baita toki eremuan ere

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “bere departamentu guztietako gobernu-ekintzan modu bateratuan aplika ditzan Ekonomia Zirkularraren oinarrizko printzipioak eta dauden araudiak, kontuan hartuz zero isurketa, birziklatzea, berrerabiltzea, eko-diseinua, produktu berdeen erosketa publikoa eta garatzen dituen oinarri guztiak”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, bestalde, honako hau eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Europako erakundeen eta Nazioa Batuen lidergoa duten ekimenekin bat egin dezala, erregio-eremuko iradokizunak helaraziz Nafarroako Foru Komunitatera, eta horiek arautegian txertatuz”.

 

Jada hirugarren atalean, Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen du “mankomunitateak, udalak eta Nafarroako toki mailako beste erakunde batzuk inplika eta presta ditzan Ekonomia Zirkularraren ezagutzan eta garapenean, horren printzipioak beraien gain hartzea lagunduz”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak bultzatutako ebazpen horrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzenketa egin diote) Ekonomia Zirkularraren gakoak diren kontzeptuak aipatzen ditu, hala nola enplegua sortzea, berrikuntza, lehiakortasuna, garapen iraunkorra, baliabide mugatuen kudeaketa edo klima-aldaketaren aurkako borroka. Horiek areagotu egiten dute birziklatzea eta, horrenbestez, baita energiaren aurrezpena eta isurien murrizketa ere.

 

Testuinguru horretan, proposatzaileak EBren eta Nazio Batuen zenbait ekimen aipatzen ditu, estrategia bat ezartzea helburu dutenak, zeinak lehentasuna ematen baitie, gobernu nazional eta erregionalen, udal gobernuen, herritarren eta enpresen inplikazioa tarteko, “ingurumenaren aldeko defentsari eta planeta bizigarri baten defentsari, etorkizunerako berme onenekin”.