Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 18

Parlamentuak ez du aintzat hartu Navarra Sumak aurkeztutako Foru Lege proposamena, Nafarroako arreta soziosanitarioko sistema integratua arautzekoa

Navarra Sumak sistema misto bat sortzea proposatzen zuen, mendekotasunaren eta ezgaitasunaren arloko beharrizanen detekzio, arreta eta balorazioaren zatikatzea gainditzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur ez du aintzat hartu Nafarroako arreta soziosanitarioko sistema integratua arautzen duen foru lege proposamena. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoa eman dute, eta Navarra Sumak aldekoa.

 

Navarra Sumak bultzaturiko foru lege proposamenaren xedea zen “osasun- eta gizarte-sistemaren artean izan ohi diren koordinazio zailtasunak ebaztea, egiazko integrazio bat lortze aldera sistema misto bat artikulatzeko, ahalbidetuko zuena beharrizanen detekzio, arreta eta balorazioaren egungo zatikatzea gainditu eta, hala, arreta osoago eta kalitate handiagokoa emateko, baliabideen optimizaziotik abiatuta”.

 

Hala, “edozein egoeratan erantzun goiztiarra” emateko, proposatzen zen autonomia sustatzea, desgaitasuna eta mendekotasuna prebenitzea eta pertsonen gaitasun kognitibo eta funtzionalen murrizte-maila gutxitzea.

 

Xede horrekin eta 2021erako indarrean egonen zela iragarri zen prestazio eta zerbitzu zorroan oinarrituta, leihatila bateratua aurreikusten zen herritarren arretarako berariazko sarbide gisa eta historia elektroniko soziosanitarioa garatu eta abian jartzearen aldeko apustua egiten zuen.

 

Testuinguru horretan, erreferentziazko profesional baten izendapena proposatzen zen kasu bakoitza hasieratik kudeatzeko eta zainketen jarraipena zaintzeko diziplinarteko taldeak eta protokolo integratuak izateko aukera jasotzen zen.

 

Plangintzaren alorrean, lau urtez behin arreta soziosanitarioko plan orokor bat onesteko ardura ematen zion Nafarroako Gobernuari, eta hartan antolatuko zen foru lege honek aurreikusitako helburuak lortzeko behar ziren neurri, baliabide eta ekintzen multzoa.

 

Arlo organikoari dagokionez, Arreta Soziosanitarioaren Zuzendaritza Nagusi bat eratzea aurreikusten zen, bi departamentuek adostuta. Halaber, Nafarroako Arreta Soziosanitarioaren Kontseilua sortzea aurreikusten zen, aholku emateko eta parte-hartzerako organo gisa. Haren eginkizuna izanen zen proposamenak, ebaluazioak eta arlo honetako araugintza-proiektuei eta planei buruzko txostenak egitea. Organo horren eginkizuna izanen litzateke, halaber, kontingentzia planak eta berariazko protokoloak bi urtetik behin eguneratzea. Bai eta dauden osasun- eta gizarte-baliabideen lurralde-identifikaziorako mapa prestatzea ere.

 

Halaber, arreta soziosanitarioaren lurralde kontseilu bat ezartzea xedatzen zuen osasun eta gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko bakoitzean eta barruti bakoitzean. Era berean, sustatu nahi zuen osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetako etika-batzordeek ikuspegi soziosanitarioa bil zezaten beren eginkizunetan.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari ematen zitzaion ikerketa eta berrikuntza proiektuak sustatzeko ardura eta, alor soziosanitarioan baita ere, informazio-aldizkari hiru hilabetekariak argitaratzekoa.