Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 22

Parlamentuak ez ditu onartu UPNk eta PPNk 2019rako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Abenduaren 10etik 14ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 20an Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin ditu 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari UPNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak zuzenketen aurka bozkatu dute eta PSN abstenitu egin da.

 

UPNk eta PPNk osoko bi zuzenketen alde bozkatu dute.

 

Orain, lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean, abenduaren 10etik 14ra bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea atzo amaitu da), eta batzorde horren irizpena abenduaren 20an Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Zuzenketa partzialak aurkezteko epea bukatuta, PSNk 297 aurkeztu ditu, UPNk 270, PPNk 227, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek 128, eta beste bat PSNrekin batera. Osotara, 923 zuzenketa aurkeztu zaizkie gastu partidei. Beste 34 artikuluei, PSNk 12, PPNk 8, laukoak 7 eta UPNk 7. Osotara 957 zuzenketa.

 

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua urriaren 31n onartu zen izapidetzeko, eta azaroaren 5ean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 4.306.197.633 eurokoa da.

 

Jasotako 4.306.197.633 euro horietatik 4.010.664.137 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 295.533.496 euroak finantza-gastuetarako dira.

 

Gastu ez-finantzarioaren sabaia % 3,11 igo da 2018ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.889,80 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 120,86 milioiko aldea dago.

 

UPN talde parlamentarioak zuzenketaren justifikazioan argudiatu du aurrekontuak “kontinuistak” direla, eta, “onbideratu” beharrean, jarraitzen dutela “zergen igoera orokorraren bidetik, klase ertaineko herritarren eta langileen kalterako, bereziki”.

 

Haren esanetan, aurrekontuak ez dira egoerak eskatzen dituenak, zeren eta, “inbertsio aipagarririk ezean, zerbitzu publikoen hobekuntza nabarmenik gabe eta gizarte politiken garapenik gabe, ez baita egoera ekonomiko orokorra aprobetxatu Nafarroa berriz ere Europako herrialde eragileen artean kokatzeko”.

 

Testuinguru horretan, enplegu falta zuzentzeko neurririk eza eta, batez ere, gazteen enplegu falta nabarmendu ondoren, UPNk berriz adierazten du ez dagoela ados “diru-sarrerak garapen ekonomikoaren eta ekonomiaren dinamizazioaren bidetik lortzeari uko” egitearekin, eta “gizarte osoari zergak bereizkuntza gabe igotzeko bide erraza aukeratu” izana gaitzesten du, aukera “negargarria” dela esanez.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak aurrekontuak itzultzeko eskatu du sinetsita dagoelako aurrekontu “arriskutsuak” direla. “Izan ere, berriro gastuaren eta zorpetzearen alde egiten dute eta alde batera uzten dituzte enpleguaren sustapena eta garapen ekonomikoa, eta gizarte mendeko bat sortzen ari dira, Errenta Bermatua bezalako laguntzetan oinarritua”.

 

PPk zalantzan jartzen du proiektuaren bideragarritasuna, “eragile sozial guztien kritikak” jaso dituelako eta “diru-sarreren areagotze irreal eta neurrigabe batean” oinarritzen duelako gastuaren igoera. Haren ustez, presio fiskal handiak “kontsumoa geldiarazteko baizik ez du balioko, eta hori da, hain zuzen, ekonomia moteltzen ari den garai honetan beharrezkoa denaren kontrakoa”.

 

Horregatik guztiagatik, “behar-beharrezkoak diren AHTa edo Nafarroako Ubidea bezalako azpiegituretan” edo “Industria, Energia eta Kultura” bezain sektore garrantzitsuetan gastua murrizteak lehiakortasun galera dakarrela azpimarratu ondoren, PPk dio aurrekontuak oso urrun daudela “errealitate sozial eta ekonomikotik, Nafarroarekin identifikatzen direnengandik eta gure gizartearen etorkizuna diren gazteengandik”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak proiektuaren lehentasunei erreparatuta egin diete aurka osoko zuzenketei. “Gizarte arloak eta ekonomiarako pizgarriak ditu ardatz proiektuak, eta legegintzaldi osoan hasitako aurrekontu-igoera garrantzitsuaren finkapena dakar”. Hain zuzen ere, “2019rako aurrekontuak 2016koak baino % 16 handiagoak dira”.

 

Gizarte arloei dagokienez, azpimarratzen da arlo horiek gastu ez-finantzarioaren % 55,6 jaso dutela, guztira 2.229 milioi, 2017an baino 72 milioi gehiago. Eta garapen ekonomikoari dagokionez (224.849.000 euro), helburu nagusia “kalitatezko enplegua sortzea” dela adierazten da, eta helburu horrek lotura estua duela “Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) gauzatutako modernizazio ekonomikoaren aurrerapenarekin, bai eta haren egiturari atxikitako plan estrategikoen garapenarekin ere”.

 

Politika ekonomiko eta enpresarialaren eta lanaren arloan sartzen dira enpresa-inbertsioa sustatzeko laguntzak (20,5 milioi). Enplegu-politika aktiboen eremuan, berriz, “eragile sozial eta enpresarial nagusiekin lortutako akordioa garatzen jarraituko da” eta, hartara, aurreikusten da 2020an 1.670 euro inbertituko direla langabe bakoitzeko, “2015ean baino 783 euro gehiago”.

 

Etxebizitza gaietan, “etxebizitza publikoen errentamendua, etxebizitza hutsen baliaraztea eta birgaitzea” sustatzen jarraituko da, eta asmo hori “aurrezpenarekin, efizientzia energetikoarekin eta enplegu sorkuntzarekin” lotuta dago.

 

Horren guztiaren oinarria, argudiatzen denez, politika fiskal “progresibo eta jasangarria” da, “desberdintasunak murriztu eta gizarte zein lurralde kohesioa hobetzea” xede duena.