Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du onura publikoaren deklarazioa ken diezaion ‘Hazte Oír’ elkarteari

LGTBI+ kolektiboak “patologizatu, estigmatizatu eta zapaldu” nahi dituen elkarte batek ez duelako halako aitortza moral, sinboliko eta ekonomikorik merezi


Gaurko osoko bilkuran Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoarekin onetsitako erabaki batean, Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Hazte Oír elkarteari Barne Ministerioaren bidez onura publikoaren deklarazioa ken diezaion”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Parlamentuak “erakunde publiko eta pribatu guztiak premiatzen ditu –bereziki, Nafarroako eta Espainiako gobernuak– egin beharreko urrats guztiak egin ditzaten LGTBI+ pertsonen eskubideak osorik aitortzeko, arreta berezia jarrita adingabe transexualek diskriminatuak ez izateko eta beren errealitatearen normalizaziorako eta ulermenerako daukaten eskubidean”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatu dute erabakia. Zioen azalpenean, elkartearen ibilbideari erreparatuta, gogorarazten da LGTBI+ kolektiboak (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak) “patologizatzera, estigmatizatzera eta zapaltzera” bideratutako ekimenak bultzatu izan dituela, gorrotoaren autobus zorigaiztokoa barne, eta 2013ko maiatzetik daukan onura publikoaren deklarazioa ken diezaiotela eskatzen da, “oso urrun baitago halako aitortza moral eta sinbolikoa merezi izatetik”.

 

Proposatzaileek ohartarazten dute onura publikoaren deklarazioak diru aldetik ere bultzada handia eman diola elkarteari: dohaintzan emandako lehen 150 euroen kasuan, zergak % 75 arindu ahal dira errenta aitorpenean; eta hortik gora emandako zenbatekoen kasuan, % 35. Hori horrela, elkartea 2012an milioi eta erdiko diru-sarrerak izatetik 2015ean 2,6 milioiko diru-sarrerak izatera igaro zen.