Parlamentuak desinformazioaren aurkako borrokan duen batasuna eszenifikatu dute Hualdek eta Chivitek
Erregelamendu berriarekin bat, lehendakariak jarrera kodearen proposamen bat helaraziko die taldeei berehala, “ariketa instituzional etikoago” bati bide emateko.
Unai Hualdek eta María Chivitek Nafarroako Parlamentuaren eta Gobernuaren batasuna eszenifikatu dute gaur borroka egiteari dagokionez “desinformazioaren aurka, inola ere informazioaren aurka”. Adierazi dutenaren arabera, informazioak “egiazkoa eta egiaztatua” izan behar du eztabaida politikoa garbitzeko, bai eta amen-omenek eta erasoek demokraziarentzat dakarten mehatxua ezabatzeko ere.
Horixe adierazi dute prentsaurreko batean, Nafarroako Jauregian bilera bat izan ostean, Gobernuko lehendakari María Chivitek eta Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek; biek adierazi dute kezka dutela Nafarroan eztabaida politikoak legegintzaldi honetan zehar beren ustez izan duen “ernegazio” mailarekin. Azaldu dute. halaber, kezka dutela herritarrek arlo horretan eta sare sozialen bitartez askotan izaten duten desinformazioarekin.
Horren harira, Unai Hualdek adierazi du Gobernuak eta Parlamentuak konpromisoa dutela “batera lan egiteko sistema demokratikoa sendotze aldera, askotariko bideen bitartez. Xedea, edozelan ere, desinformazioari aurre egitea da, polarizazioa murriztea, bai eta eztabaida politikoaren tentsioa eta ernegazioa ere, gorroto diskurtsoei aurre egitea, gardentasuna sustatzea eta kontu-ematea hobetzea”.
Are zehatzago, Unai Hualdek adierazi du datozen egunetan Erregelamendu Batzordera eramanen duela jokabide kodearen proposamen bat, zeina “interes-gatazken egoerak, bateraezintasunak, zereginak, eginbeharrak eta karguaren berezko diziplina printzipioak arautzeko” jasota baitago Erregelamendu berriaren 26. artikuluan. Berori eratu da bide emateko “ariketa instituzional etikoago bati. Ez da berritasuna; badute Europako Parlamentuan, Gorte Nagusietan, Kataluniako Parlamentean eta Kanarietako Asanbladan”, adierazi du Hualdek.
Jokabide kodea egiteko, Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek Migrazio Politiketako Departamentuaren laguntza izan dute. Departamentu hori arrazismoaren eta xenofobiaren arloan aholku emateaz arduratzen da, 13/2023 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
"Jokabide printzipio orokor batzuk finkatu nahi ditugu, Legebiltzarreko ordena, adeitasun eta diziplinako arauak errespetatzen laguntzeko. Horretarako, arau-hausteen eta zehapenen atal bat sartu dugu, eta, erantzukizuna nagusitzen bada, inoiz erabili behar ez izatea espero dugu. Aurreko legegintzaldian, harrotu ginen Gorteetan eta beste legebiltzar batzuetan ikusten genuen giro urduria eta politika ikuskizunezkoa ez zirela gure Parlamentura iritsi. Gaur egun, hainbat gertakari tamalgarri bizi izan ondoren, ezin dugu gauza bera esan ", esan du Hualdek.
Lehendakariak, halaber, "aurkari politikoari aurre egiteko armak" direla-eta, amen-omenen eta fake newsen inguruan irekitako eztabaida aipatu du. Gai horretatik ez dira urrundu ordezkari publikoak, eta ordezkari horiek gonbidatu ditu "hausnartzera bakoitzak sare sozialetan egiten duenari buruz eta komunikabideetan nahiz beren eserlekuetatik egiten dituzten adierazpenei buruz. Neurriz jokatzea, errespetatzea eta uko egitea deslegitimazio demokratikoaren diskurtsoei. Horixe da bidea. Guztioi dagokigu, baita herritarrei ere, baina, batez ere, erantzukizun bereziagatik, botere publikoei eta ordezkaritzako erakundeei", esan du Hualdek amaitzeko.