Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 30

Parlamentuak Cristina Bayona, Javier Miranda eta López Merino hautatu ditu Nafarroako Kutxaren Patronatuko kide izateko

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak proposatuta, banku fundazio horren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoan sartuko dira

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Cristina Bayona Sáez, Javier Miranda Erro eta Manuel López Merino aukeratu ditu Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko. Legebiltzarrak organo horretarako hiru ordezkari izendatzeko eskubidea du.


Bayonak, Mirandak eta López Merinok beren proposatzaileen (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) botoen batura baino babes zabalagoa lortu dute: hurrenez hurren 33 boto, 27 boto eta 26 boto lortu dituzte. Bestalde, 16 boto zuri eman dira. Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta bete beharreko karguak bezainbeste izen jarri ahal izan ditu parlamentari bakoitzak.


Manuel López Merino Nafarroako Kutxako zuzendari nagusiaren ondokoa izan zen 2000. eta 2001. urteetan; Cristina Bayona Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen, Enpleguaren eta Ekintzailetzaren errektoreordea da, eta Javier Miranda Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordeko lehendakaria izan zen.


Patronatua da Nafarroako Kutxa Fundazioaren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organo gorena, eta bere egitekoa da Fundazioaren xedeak gauzatzeko behar diren ahalmen eta eskumen guztiak erabiltzea, haren estatutuetan eta antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiz.


Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren Patronatuko karguak pertsonalak eta delegaezinak dira, ordainsaririk gabekoak. Patronatuko kideak ez daude inongo mandaturi loturik, eta etikak eta ardurak gidatzen dute haien jarduna. Karguak lau urte irauten du eta berrautapen bakarra aurreikusten da.


Ezin dira Patronatuko kide izan kargudun hautetsiak, Nafarroako Administrazioko, Estatuko, toki erakundeetako edo administrazio horiekiko lotura edo mendekotasuna duten erakundeetako goi kargudunak eta alderdi politiko, enpresa-elkarte eta sindikatuetan betearazpen edo zuzendaritza karguak dituztenak.


Nafarroako Kutxa Fundazioaren estatutuen arabera, bederatzi kidek osatzen dute Patronatua. Nafarroako Gobernuak bi izendatzen ditu zuzenean, eta beste hiru izendatzen ditu Gizarte Ongizaterako, Osasunerako eta Kulturarako kontseiluek proposatzen dizkiotenen artetik. Patronatuko beste kide bat Iruñeko Udalak hautatzen du –Mercesdes Galán–, eta gainerako hirurak Nafarroako Parlamentuak hautatzen ditu.


Parlamentuak bere ordezkariak noiz izendatuko zain, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuak sei kide izan ditu 2013ko uztailaren 18tik: Joaquín Giráldez Deiro (lehendakaria), José Etayo Salazar, Mercedes Galán Lorda, Javier Itúrbide Díaz, María Isabel López Montoya eta Antonio José Purroy Unanua (patronatukideak).


Nafarroako Kutxa Fundazioak 300 milioi eurotan baloratutako ondarea du, hain zuzen ere Nafarroako Kutxatik gelditu dena, CaixaBankek haren finantza-jarduera xurgatu eta gero.