Parlamentuak baztertu egin du Kirurgia Pediatrikoko zerbitzua Kirugia Orokorretik bereiz mantentzeko mozioa
UPNk ohartarazi du aurrekaririk gabeko atzerakada izanen litzatekeela osasun arretan, non lehendik ere “itxarote zerrenda mardulak eta ebakuntzen sei hilabetetik gorako atzerapenak” baitaude
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin gaur baztertu duen mozio batek proposatzen zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea “Kirurgia Pediatrikoaren Zerbitzuak bere autonomia gorde dezan, Kirurgia Orokorrean sartu gabe”.
UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean salatzen zen “gaixoen eta espezialisten artean alarma” piztu dela, Euskal Herriko Pediatria Elkartearen arabera “aurreikusi ezin diren ondorioak” izanen lituzkeelako Kirurgia Pediatrikoko Zerbitzua Kirurgia Orokorreko Zerbitzuan sartzeak, Osasuneko kontseilariak Parlamentuan iragarri duen bezala.
Proposatzailearen iritziz, asmo hori “eraso frontala da, aurrekaririk gabeko atzerakada osasun publikoaren kalitatean eta osasun arretan”, eta lehendik ere “itxarote zerrenda mardulak daude, bereziki ebakuntzaren zain sei hilabetetik gora dauden haurren artean”.
Horrek guztiak, zehazten zenez, agerian uzten du Gobernuak “sentiberatasun urria” duela espezialitate horrekiko. “Gainera, etengabeko dimisioek eta kargu-kentzeek egonkortasuna kendu diote zerbitzuari, eta neurriak premiaz hartu behar dira zerbitzua hobetzeko, eta ez, ordea, okerragotzeko”.
Argudiatzen zen, azkenik, haurren ebakuntzak kirurgialari pediatrikoek egin behar dituztela, eta Kirurgia Pediatrikoko Zerbitzuan behar dutela egon; “kudeaketaren ondoriozko ezein arazok ezin du kaltetu haurren arreta, espezialista egokien bitartezkoa”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (40. NPAO, 2017-03-03koa)