Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 6

Parlamentuak bat egiten du "España en libertad" izeneko ekimenarekin, Francoren diktadura gainditu izanaren 50. urteurrena ospatzeko

Era berean, Foru Gobernua premiatzen da bere lan-plangintza ezartzen jarrai dezan, gure demokrazia eta konstituzio-erregimena sendotzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaurkoan onetsi du, PSN eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroaren aldeko botoarekin, Voxen aurkako botoarekin eta UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta PPNren abstentzioarekin, mozio bat, zeinaren bidez bat egiten baita Espainiako Gobernuak sustatutako "España en libertad" izeneko ekimenarekin, “2025ean zehar diktadura gainditu eta gure demokrazia ezarri izanaren 50. urteurrena ospatzeko”.

 

Halaber, onetsitako ebazpenean jasotzen da Nafarroako Gobernua premiatzea “bere lan-plangintza ezartzen jarrai dezan, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan, gure demokrazia eta eskubide eta askatasunen konstituzio-erregimena sendotzeko”.

 

UPN talde parlamentarioak aurkeztutako zuzenketa baten bidez bigarren puntu bat gehitu da, zeinaren bidez “Frankoren diktadura aringarririk gabe gaitzesten baita eta Trantsizioa eta Espainian askatasunen konstituzio-erregimenaren ezarpena balioan jartzen baitira”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioaren mozioak gogora ekartzen duenez, “Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina hamarkadatan pairatu genuen indarkeria frankista, zeinak sakon erasan baitzituen gure erkidegoko familiak. Horrenbestez, bizikidetzaren aurkako eraso bat izan zen”.

 

Proposatzailearen iritzian, ekitaldi horien xedea da demokraziako mende erdi honetan lortutako eraldaketa handia balioan jartzea. Izan ere, urte horietan gure herrialdea diktadura txiro eta isolatu bat izatetik munduko demokrazia osoenetako bat izatera pasa da.