Parlamentuak bat egiten du Diabetesaren Nazioarteko Egunarekin eta urdinez argiztatuko du bere egoitzaren fatxada heldu den larunbatean
Iruñeko Udalak bertan behera utzitako Komunitate Ekintza Prebentiborako Zerbitzuko zortzi lantaldeei eta Euskaraldia ekimenari babesa erakusteko proposamenak baztertu egin dira
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Diabetesaren Nazioarteko Egunarekin. Proposamena Lehendakaritzak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du Diabetesaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin, eta urdinez argiztatuko du bere egoitzaren fatxada heldu den azaroaren 14an.
2. Erakunde eskudunak premiatzen ditu diabetes gaixotasunari aurrea hartzeko politikak sustatzen jarrai dezaten.
3. Beharrezkotzat jotzen du gaixoen eta profesionalen diabetes arloko prestakuntza eta hezkuntza areagotzeko neurriak sustatzea.
4. Uste du beharrezkoa dela diabetesaren ikusgaitasuna sustatzea, eta aldeztu egiten ditu ANADIk Diabetesaren Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen jarduerak”.
- Nafarroako Parlamentuak bazter utzi du adierazpen instituzional baterako proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak haur eta nerabeekiko bai eta prebentziorako komunitate-lanaren ereduekiko konpromisoa agertzen baitu. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute; Navarra Sumak aurka bozkatu du, eta PSN abstenitu egin da.
Adierazpen instituzionalerako proposamenak honako hau zioen:
1.- Nafarroako Parlamentuak bere aldezpena eta errekonozimendua adierazten die, egiten duten lan goraipagarria dela-eta, Mendillorriko Bideberri Elkarteari, Arrotxapeko Batean Federazioari, Txantreako SinarZubi Federazioari, Aldezar Elkarteari, Arrosadia-Azpilagañako Yoar Elkarteari, Etxabakoitz Bizirik Elkarteari, Buztintxureando Txuri Elkarteari eta Umetxea Sanduzelai Elkarteari.
2.- Nafarroako Parlamentuak haur eta nerabeekiko bere konpromisoa agertzen du, bai eta prebentziorako komunitate-laneko ereduekikoa ere; are gehiago osasungintza-, gizarte- eta ekonomia-krisi baten testuinguruan, zeinetan erakundeok sektorerik kalteberenen babes eta aldezpenari lehentasuna eman behar diogun.
3.- Testuinguru horretan, Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatu egiten duela Iruñeko Udalak harturiko erabakia, Komunitate Ekintza Prebentiborako Zerbitzuko zortzi lantaldeak bertan behera uztekoa, eta aldarrikatzen bere nahia dela udalak erabaki hori atzera botatzea eta alternatibak aztertzea; halatan, ebaluazioan eta hobekizun diren arloen identifikazioan oinarrituta, oinarrizko zerbitzu bezala indartu dezan haurren babeserako eredu arrakastatsu hori, eta beste auzo batzuetara eraman dezan".
- Nafarroako Parlamentuak bazter utzi du adierazpen instituzional baterako proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Euskaraldia ekimena agurtu eta herritarrei parte hartzera deitzen dien. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute; Navarra Sumak aurka bozkatu du, eta PSN abstenitu egin da.
Bazter utzitako adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
- "Nafarroako Parlamentuak Euskaraldia ekimena agurtu, eta euskaraz ulertzen duen herritarrei deitzen die izena eman dezaten Euskaraldian parte hartzeko".