Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urtarrilak 18

Parlamentuak atzera bota du mozio bat, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena txosten bat egin zezan elurte handien kasuan sortzen diren arazoei eta hauei aurre egiteko neurriei buruz

Koordinazio akatsak eta kontrol eta informazio baliabideen urritasuna dela eta, neguko kanpainaren gaineko protokoloa berrikusteko eskaera egiten zuen UPNk

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPren aldeko botoekin, zeinaren bidez “Nafarroako Gobernua premiatzen zen txosten xehakatu bat presta zezan elurte handien kasuan sortzen diren arazoei eta arazo horiek murrizteko edo leuntzeko hartu beharreko neurriei buruz, bai eta neurri horien kostu ekonomikoari buruz ere, eta txosten hori Nafarroako Parlamentuan aurkez zezan bi hilabete baino gutxiagoko epean”.

 

Atzera bota duten mozioak bigarren puntu batean, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “neurri horiek Nafarroako komunikazio bide garrantzitsuenetan areagotu zitzan, horietan suertatzen baitira kalteturik ibilgailurik gehienak, eta elurteak maizen gertatzen diren eskualdeetan: A-1, A-10, A-15, A-12, A-21, PA-30etik 34ra (ingurabideak). Era berean, Gobernua premiatzen zen “errepide horietan informazio aldagarriko panel gehiago jar zitzan, baita trafikoaren egoera behatzeko kamara gehiago ere”.

 

Era berean, hirugarren puntu batean eskatzen zen “aurreikusitako baldintza meteorologikoei buruz herritarrei eskainitako informazioa hobetu zezan, eta ahalegindu zedin haien sentsibilizazioa handitzen, behar diren aurreneurriak har ditzaten baldintza zailetan zirkulatzeari begira”.

 

Azkenik, Gobernuari agintzen zitzaion “ahaleginen koordinazio hobea bultza zezan kidego, babes zibileko eta segurtasuneko indar eta errepide garbiketarako baliabide guztien artean, egun horietan bizi izandakoa bezalako egoerak gertatzen direnerako, eta une oro duten informazioaren koordinazioa ere bai, autonomia erkidego mugakideetakoa eta Larrialdien Unitate Militarrarena barne”.

 

Zioen azalpenean, UPNk bultzatutako mozioak urtarrileko lehen asteburuan jazotako elurteak eragindako trafiko arazoak hartzen ditu abiapuntutzat. “Agerian geratu ziren koordinazio akatsak, kontrol- eta informazio- baliabideen urritasuna, trafikoaren antolamendu akastuna eta dirudienez makineria aski ez zegoela”, eta hau dela eta “errepideetarako egun dagoen negualdi-protokoloa berrikusi beharra dagoela” azpimarratu dute.

 

Testuinguru honetan, “Babes Zibileko segurtasun indar eta kidegoen jardunaren garrantzia” azpimarratu dute, “bereziki, Guardia Zibileko agenteena” eta “Altsasuko herritarren elkartasuna” goraipatu dute, “haiei esker izan ez balitz, gauean harrapatutako pertsonen egoera, tamalgarria ez ezik, haien biziarentzat are arriskutsua ere izan litekeelako”.