Parlamentuak Aldeas Infantiles erakundearen osoko bilkura egin du, Berbintzanako eta Tuterako ikasleek parte hartuta
Unai Hualde buru, eta talde parlamentarioetako ordezkari batzuk bertan zirela, hezkuntzari, genero berdintasunari eta klimaren aldeko ekintzari buruzko proposamenak aurkeztu eta aukeratu dituzte.
Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria eta Pedro Puig Aldeas Infantiles SOS erakundeko lehendakaria Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan izan dira gaur, haur diputatuen bilkura batean, non haurrek proposamenak eztabaidatu eta adostu baitituzte 2030 Agendarekiko erantzukizunaren balioa sustatzeko eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak nola lortu hausnartzeko. Aurten lortu beharreko helburuak honako hauek izan dira: kalitatezko hezkuntza (4. GJH), genero berdintasuna (5. GJH) eta klimaren aldeko ekintza (13. GJH). Egun batez diputatu ekitaldia Besarkatu zure balioak hezkuntza programaren barruan dago. Programa horrek aurten 25 urte bete ditu, eta Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 30 ikastetxetako 3.000 ikasle biltzen ditu.
Gaurko saioan Berbintzanako Río Arga eta Tuterako Monte San Julián ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 68 ikaslek parte hartu dute, eta Nafarroako ordezkariak egon ohi diren lekuetan eseri dira.
Saioa Gracia Escudero Aldeas Infantiles SOSeko prentsako buruak gidatu du, eta, gainera, parlamentari hauek bertaratu dira: Pedro González (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (Nafarroako Sozialistak talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).
Ongietorria emateko hitzaldian, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak honako hau azpimarratu die ikasleei: “Parlamentuak bultzatutako ekintzak, bai legeak egitea, bai bazterkeriaren kontra eta jasangarritasunaren alde borrokatzen duten kolektiboei laguntzea, bai gai horri buruzko ekitaldi eta erakusketak egitea, gizarte bidezkoagoa, desberdinkerien kontrako kontzientzia handiagoa eta planetaren jasangarritasunarekiko errespetua lortzera bideratuta daude”.
Jarraian, Aldeas Infantiles SOSeko presidente Pedro Puigek hartu du hitza, eta eskerrak eman ditu “proiektu honetan laguntzen daramagun urteengatik. Proiektuaren bidez, ikasleei proposatu nahi diegu gogoeta egin dezatela orainaldia bizitzeko eta etorkizuna eraikitzeko bitartekoak diren balioen inguruan”. Ildo horretan, bertaratutako ikasleei gomendatu die balioak beren esku dauden keinu txikien bidez entrenatzea, “ezinezkoa baita mundu hobea eraikitzea gizartea ez bada heziagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa”.
Río Arga ikastetxeko eledunak Javier Suescun eta Ikram Zerroual izan dira, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak. Lehenengoak hizlarien tribunatik hartu du hitza, eta guztion artean planeta hobetzeaz eta aldaketa txikiekin aldaketa klimatikoa geldiarazteaz hitz egin digu. Bereziki enfatikoa izan da aurrean zeuden politikariekin, eta honako eskaera hau egin die: “Uste dut zuek aldaketa positibo asko lor ditzakezuela pertsona guztien interesen alde gogor lan egiten baduzue, eta gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriak eta haien soldaten arteko aldeak zuzentzeko lan egiten baduzue, adibidez”.
Ikram parlamentariaren hitz egiteko txandan, pandemian pasatu genuen estualdia gogorarazi digu, bai eta denok elkarrekin gainditu ahal izan genuela ere. Gainera, denok erantzukizuna eta itxaropena izanez gero konponbidea izaten ahal duten hainbat arazo azpimarratu ditu: “... pertsona guztiek lan duina lortzeko aukera izatea, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasunerako eskubidea, munduko osasuna eta baliabideen banaketa ekitatiboa”.
Halaber bi eledun izan ditu Monte San Julián ikastetxeak, biak Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak. Juan Sánchezek hezkuntza ona izatearen garrantzia nabarmendu du: “... helduak garenean lan on bat izateko, eguneroko bizitzarako, gatazkak indarkeriarik gabe konpontzen jakiteko, gaizki egin diren gauzak zuzentzeko...”. Genero berdintasuna, feminismoa eta planeta zaintzea barne hartuta.
Azkenik, Aroa Gutiérrez parlamentariak bi gai garrantzitsu jorratu ditu: genero berdintasuna eta gure planeta zaintzeko beharra: “... pertsonaren generoak ez du axola, pertsonak berak du garrantzia. ... pertsonok konturatu behar gara kutsadurak basoei, itsasoei eta aireari eragiten diela”.
Laburbilduz, lau eledunek 12 konpromiso aurkeztu dituzte eta bozkatzeko txanda ireki da. Haur diputatu guztiak banan-banan pasatu dira boto-ontzitik, nork bere aukera egiteko.
Ikasleentzat zaila izan da konpromiso bakar bat aukeratzea eta, hainbat puntutan boto berdinketa egon denez, aukeratutako helburuek bi ikastetxeek egindako hainbat proposamen jaso dituzte:
“Gutxiago kutsatzeko, birziklatzeko, berrerabiltzeko eta hondakinak murrizteko konpromisoa hartzen dugu, baita oinez edo bizikletaz ibiltzekoa, ura aurreztekoa eta energia gutxiago kontsumitzekoa ere.
Ikaskide guztiak errespetatuak eta babestuak senti daitezen laguntzeko konpromisoa hartzen dugu, nahi bezalakoak izan daitezen, nahi duten iritzia eman dezaten eta nahi duten bezala jantzi daitezen.
Gure ikaskideen gustuak eta iritziak entzuteko, errespetatzeko eta babesteko konpromisoa hartzen dugu.
Ingurumena zaintzeko konpromisoa hartzen dugu, birziklatzearen eta ekologia laguntzearen bidez.
Nork bere aletxoa jartzeko konpromisoa hartzen dugu, ekintza txikien bidez, eta, batez ere, gure inguruan egoten ahal diren desberdinkeriei adi egoteko konpromisoa. Gure ekintza txikiak izaten ahal dira janaria ez botatzea eta mendian zaborrik ez botatzea, aireko eta ureko kutsadura murrizteko, bizi kalitate hobea eta osasun hobea lortzeko.
Asko ikasteko konpromisoa hartzen dugu, baliabide guztiak modu jasangarrian aprobetxatzen jakiteko eta herrialde guztientzat hazkunde ekonomikoa lortzeko”.
Nafarroako Parlamentuan egindako haurren osoko bilkura horren bitartez, Aldeas Infantiles SOSek ikasturte honetarako Egun batez diputatu ekitaldia egin du, eta autonomia-erkidegoetako parlamentu guztietan eginen du. Ekimen horren bidez sustatu nahi da haurrek gizartean parte hartzeko duten eskubidea.
Aldeas Infantiles SOS haurrei laguntzeko nazioarteko erakunde pribatua da, irabazi-asmorik gabekoa, konfesio artekoa eta orientazio politiko orotatik independentea. 1949an sortu zen Austrian, eta 138 herrialdetan dago. Haurraren garapenean jartzen du arreta, harik eta beregain izan eta gizartean ondo integratuta egon arte. Familia kalteberak indartzeko lan egiten du, seme-alabak behar bezala zaindu ahal izan ditzaten; gurasoen zaintzarik gabe gelditu diren haurrak babesten ditu, familia-ingurune babeslea eskainiz maitatuak eta errespetatuak sentitzeko, eta gazteei heltze eta independentzia prozesuan laguntzen die.