Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 30

Parlamentuak Ainhoa Unzu, Asier Baztan eta Koldo Amezketa Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren Administrazio Kontseiluko kide izendatu ditu

Sozietate publiko guztiak jarduera-sektoreka antolatuta biltzen dituen organoan Ganberaren ordezkari izanen dira PSN, Geroa Bai eta EH Bilduren hautagaiak

Parlamentuaren osoko bilkurak Ainhoa Unzu Garate, Asier Baztan Beperet eta Koldo Amezketa Diaz Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren Administrazio Kontseiluko kide izendatu ditu.

 

Unzuk (29 boto), Baztanek (29) eta Amezketak (29), PSN, Geroa Bai eta EH Bilduren hautagaiek, hurrenez hurren, proposamena egin duten hiru taldeen babesa lortu dute. 21 boto zuri erregistratu dira, Navarra Sumaren eta I-Eren posizioarekin bat datozenak.

 

Isilpeko bozketa egin da txartelen bidez, eta parlamentari bakoitzak gehienez hiru izen jartzeko aukera izan du, sexu bateko bi, eta besteko bat.

 

Koldo Amezketa, 2013ko azaroaren 14an eta 2018ko apirilaren 12an karguan berretsia, 2009ko urritik karguan jarraitzen duen bakarra da.

 

Talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteak gehienez hiru pertsonez osatutako hautagaitzak aurkeztu ahal izan dituzte, banaka nahiz batera. Hautagaitzaren bi pertsona sexu batekoak izanen dira eta hirugarrena beste sexukoa

 

Foru Legeak eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa sortzeko erabakiak adierazten dutenez, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P.ren bazkide bakarrak izendatuko ditu Administrazio Kontseiluko kideak: heren bat Nafarroako Gobernuak proposatuta, heren bat Nafarroako Parlamentuak proposatuta eta heren bat izen handiko profesional independenteen artetik

 

Parlamentuaren osoko bilkurak 2009ko ekainaren 11an 8/2009 Foru Legea, ekainaren 18koa, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. izeneko sozietatea sortzeari buruzkoa onetsi zuen, “sozietate publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak optimizatzeko” helburuarekin.

 

2009ko irailaren 1etik indarrean dagoen legearen helburu nagusia da “antolamendurako eta kontrolerako tresna bateratu eta berariazko bat sortzea, Foru Komunitateko enpresa-sektore publikoaren antolaketan eta funtzionamenduan eta beste erakunde edo proiektu batzuetan parte hartzean beharrezkoa den gardentasunaz hornitu ahal izateko, kontrol publikorako mekanismo egokiak ezarriz eta administrazio-kudeaketarako tresna berriak erabiltzea ahalbidetuz, betiere haren jardueren opakutasuna ekarri gabe”.

 

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak sozietate publiko guztiak biltzen ditu (Fundazioak izan ezik). Sozietate horiek bi jarduera-sektoretan antolatzen dira, ematen dituzten zerbitzuen arabera: administrazio-sektorea (interes publikokoa) eta lehiakortasun-sektorea (industriakoa edo merkataritzakoa).

 

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren hasierako kapital soziala 250.000 eurokoa izan zen, eta “bere helburuen eta jarduteko irizpideen artean ingurunearekiko konpromiso etikoa, erantzukizun sozial korporatiboa eta kalitatezko enplegua daude. Kapital handitzeak Nafarroako Foru Administrazioak bakarrik izenpetu ahal izango ditu”.