Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Otsailak 10

Parlamentuak adinekoen eskubideen aldeko konpromisoa agertu du

Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen XXV. urteurrena dela eta, Iruñeko Adierazpena sinatu du eta eztabaida publikoa eragiteko eta neurriak hartzeko deia egin du

Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen ordezkariek gaur eguerdian  Adinekoen eskubideei buruzko Iruñeko Adierazpena aurkeztu diete Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariari eta Parlamentuko taldeen eta foru-parlamentarien elkarteen ordezkariei.

 

Adinekoen eskubideei buruzko Iruñeko aiderazpena Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen XXV. urteurrenaren haritik sortu da, elkarteak 2016an hogeita bost urte bete baititu. Agiri horretan adinekoen eskubideak jaso dira,  "bizi itxaropena gero eta luzeagoa dela eta pertsonen zahartzeak erronkak, aukerak eta zailtasunak ekarriko dituela kontuan hartuta".

 

Nazioarteko hainbat erakundek, besteak beste NBEk edo Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako adierazpenak hartu dira dokumentuaren oinarritzat, bai eta gaiari buruzko biltzarretan ateratako ondorioak eta Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteko kideen lan-esperientzia ere.

 

Iruñeko Adierazpenaren bidez "dei bat egin nahi izan da, jakin-mina eta eztabaida publikoa eragiteko, kontzientzia harrarazteko eta zahartzaroan pertsonen egoera hobetzen lagunduko duten neurriak sustatzeko".

 

Adinekoen artapenean espezializatua, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak 25 urte bete ditu, jada Estatu osoko erreferentzia bilakatuta geriatriaren eta gerontologiaren arloko lanei dagokienez.

 

Ainhoa Aznárez izan da bilerako buru eta bertan izan dira Begoña Ganuza (UPN), Isabel Aranburu, Koldo Martínez (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu) eta Nuria Medina (PSN). Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen aldetik bileran izan dira lehendakaria, Francisco Úriz; lehendakariordea, Camino Oslé; idazkaria, Juan Francisco Jerez, eta Espainiako Medikuntza Geriatrikoko Elkarteko lehendakaria, Álvaro Casas.