Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 1

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez bere elkartasuna adierazten baitie lan-istripuetan hildakoen familiei eta hurbilekoei

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko urriaren 1ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie lan-istripuetan hildakoen familiei eta hurbilekoei. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik. UPNk 1. eta 5. puntuen alde eta 2. eta 3. puntuen aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 4.ean. PSNk eta I-Ek 1., 2., 3. eta 5. puntuen alde eta 4. puntuaren aurka bozkatu dute. PPNk 1. puntuaren alde eta 2. 3. eta 4. puntuen aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da 5.ean.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die lan-istripuetan hildakoen familiei eta hurbilekoei, eta lan-istripuren bat pairatu duten guztiei ere helarazi nahi die elkartasun hori.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere arbuiorik erabatekoena adierazi nahi dio estatuko lan arloko legeriari; bereziki, 2012ko lan-erreformari, ondorio ezin kaltegarriagoak eragin dituelako enpleguaren kalitateari eta lan-baldintzei dagokienez, eta laster indargabetu dadin exigitzen du.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Lan Osasuneko Ekintza Planaren esparruan egiten ari den lanaren balioa azpimarratu nahi du; bereziki, lan-istripuen kopuruari aurre egiteko xedez enpresa txiki eta ertainetara egindako bisita- eta prebentzio-kanpaina. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela ekintza horiek Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileekin sendotzea eta indartzea, eta konpromiso hori hartzen du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak argi ikusten du Lan Ikuskaritzaren lana, zeina Estatuaren eskumena baita, behar ez bestekoa dela inondik ere; hortaz, Nafarroako Parlamentuak dio eskumen hori eskualdatu ahal izateko hartu beharreko neurriak har daitezen nahi duela, hartara Nafarroak neurri eraginkorragoak hartu ahal izanen bailituzke.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du laneko segurtasunaren arloko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan parte aktiboa izateko bere konpromisoa, eta orobat berresten du lan-prekarietatearen eta -istripuen salaketa; hartara, konpromisoa hartzen du lan-istripuak salatzeko elkarretaratzeak egiteko, istripu hilgarri bat gertatzen den bakoitzean”.