Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Apirilak 8

Parlamentuak 28,4 milioiko kreditu gehigarri bat eta 23,1 milioiko kreditu berezi bat onetsi ditu neurri berezi eta urgenteek ekarritako beharrei erantzuteko

Aurrekontuen legea aldatu du Legebiltzarrak COVID-19ari dagozkion partiden arteko funts-mugimenduak ahalbidetzeko eta partida hauek zabalgarriak izanen direla zehazten da

Parlamentuko Osoko Bilkurak bi foru lege onetsi ditu gaur aho batez, zehazki, Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziei erantzuteko 28,4 milioiko kreditu-gehigarria ematen duen legea eta 23,1 milioiko kreditu berezia ematen duen legea.

 

Legebiltzarrak hirugarren foru lege bat onetsi du, hau ere aho batez, Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen duena, COVID-19ari dagozkion partiden arteko funts-mugimenduak ahalbidetzeko helburuarekin, eta gainera, partida hauek zabalgarriak izanen direla ezartzen da.

 

Kreditu-gehigarriaren zenbatekoa (28.427.728,25) hurrengo partidei ezarriko zaie: COVID-19 Gastu arruntak (55.334,40 euro), COVID-19 Ekipo teknikoa eta segurtasunekoa (1.530), COVID-19 Gastu arruntak (20.810,61), COVID-19 Ekipo teknikoa eta segurtasunekoa (15.413,33), COVID-19 Informazio prozesuetarako ekipoak (6.000), COVID-19 Gastu arruntak (9.856,51 euro), COVID-19 Instalazioak (13.162,38 euro), COVID-19 Ekipo teknikoa eta segurtasunekoa (10.659,85), COVID-19 Informazio prozesuetarako ekipoak (1.259,80), COVID-19 Aplikazio informatikoak (20.000), COVID-19 Harrera baliabideen kudeaketa (10.000), COVID-19 Garbiketa eta txukuntze zerbitzuak (477.250,76), COVID-19 Askotariko gastuak (5.000.000), COVID-19 Ekipamendu medikoa (12.000.000), COVID-19 Ekipamendu orokorra (4.000.000), COVID-19 Ekipamendu medikoa (950.000), COVID-19 Ekipamendu orokorra (50.000), COVID-19 Ekipamendu medikoa (950.000), COVID-19 Ekipamendu orokorra (50.000), COVID-19 Ekipamendu medikoa (1.000.000), COVID-19 Larrialdiko laguntzak (500.000), COVID-19 Etxegabeentzako harrera zerbitzua (100.000), COVID-19 Material klinikoa (651.743,12), COVID-19 Ikuztegiko zerbitzuak (77.176,01), COVID-19 Garbiketa eta desinfekzio zerbitzuak (149.878,21), COVID-19 Zerbitzuen errentamendua (472.410,68), COVID-19 Garbitzeko eta txukuntzeko produktuak (29.000), COVID-19 Jantziak eta oinetakoak (10.182,59), COVID-19 Obrak zentro berekietan (236.460), COVID-19 Altzariak eta ekipoak (282.800), COVID-19 Kalte-ordainak kontratuak eteteagatik (315.300), COVID-19 Itzulpenak (1.000), COVID-19 Publizitatea eta propaganda (1.500), COVID-19 Garbiketa eta txukuntze materiala (1.500), COVID-19 Software korporatiboaren lizentziak eta mantentze-lanak (15.000), COVID-19 Jarduera eta zerbitzu maila (Giza baliabideak, GE21, GPI beste batzuk) (30.000), COVID-19 Laguntza ofimatikoa Nafarroako Gobernuarentzat eta departamentuetako proiektuen kudeaketa (30.000), COVID-19 Garapen arkitekturaren bilakaera eta aplikazioen bilakaerari dagozkion mantentze-lanak (40.000), COVID-19 Erabilera orokorreko eta azpiegituretako software lizentziak (25.000), COVID-19 NASERTICi egindako mandatua. Ahots- eta datu-sare korporatiboaren mantentze-lanak eta kudeaketa (141.000), COVID-19 Telekomunikazioetako zerbitzua (122.000), COVID-19 2. mailako asistentzia eta lanak hirugarrenekin (335.000), COVID-19 Segurtasun kudeatuko zerbitzuak (39.000), COVID-19 Telekomunikazioetako ekipamendua eta terminalak (33.000), COVID-19 Ekipamendu informatikoa eta azpiegitura teknologikoak (80.000) eta COVID-19 Software arkitektura Osasun Departamenturako (67.500 euro).

 

Kreditu-gehigarria finantzatzeko, Gastu orokorretako diruzaintza gerakina izeneko partidan aurreikusten diren diru-sarrera handiagoak erabiliko dira.

 

Kreditu bereziaren zenbatekoa (23.192.552 euro) hurrengo partidetan banatuko da: COVID-19 Betebehar finkatuak ez betetzeagatiko ordainketak (142.552 euro), COVID-19 Sektore publikoko akzioak erostea (15.000.000), COVID-19 Finantza gastuak (50.000), COVID-19 Transferentzia arrunta SODENAri Elkargirekiko eta Sonagarrekiko hitzarmenak finantzatzeko (3.000.000), COVID-19 Errenta Bermatua (5.000.000 euro).

 

Kreditu berezia finantzatzeko, Gastu orokorretako diruzaintza gerakina izeneko partidan aurreikusten diren diru-sarrera handiagoak erabiliko dira.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru legez arautuko direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, baita haietan egindako aldaketak ere, kreditu bereziak edo kreditu gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Hori dela eta, gastuen aurrekontuan jasotako kreditua aski ez denez Legea irakurketa bakarrean onetsiko da. NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

 

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzeari dagokionez, COVID-19ari dagozkion partiden arteko funts-mugimenduak ahalbidetzen dira, eta gainera, partida hauek zabalgarriak izanen direla ezartzen da. Partidak zer departamenturi dagozkion, haren titularrak izanen du funts-mugimendu horiek baimentzeko eskumena. Departamentu bati baino gehiagori badagokie, eskumena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariarena izanen da, ukitutako departamentuek adostasuna eman ondoren.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legeak partiden arteko funts mugimenduak Aurrekontuei buruzko Foru Legean berariaz aipatzen direnetara mugatzen ditu (38. art.), eta zehazten du eskualdaketa horiek ez direla aurrekontuko aldaketatzat hartuko (43. art). 5/2020 legearen aldaketarekin, “funts mugimenduak egiten ahalko dira COVID-19ari dagozkion partiden artean, eta gastuaren kudeaketa hoberako beharrezkoak direnak sortzen ahalko dira”.

 

Zioen azalpenean, martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari nazioarteko pandemiaren izaera eman zionetik Nafarroako Gobernuak aurrera eramandako ekimenak aipatzen dira, eta ildo horretan, martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuek biltzen dituzten neurriak azaltzen dira.

 

Testuinguru honetan, Javier Remírez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak, egoitzen funtzionamendu egokia bermatzeko osasun eta gizarte arloko langileen esparruan martxan jarritako jarduerak defendatu ditu, eta arlo ekonomikoari dagokionez, zerga-betebeharren murrizketa, etenaldi eta atzeratzeak nabarmendu ditu, baita enpresei eskainitako laguntzak ere (abal eta maileguak). Hau guztia COVID-19aren osasun-krisiaren inpaktuari aurre egiteko sortutako 100 milioiko Kontigentzia funtsari esker, Parlamentuak 130 milioira handitutakoa.

 

Bigarren Foru Lege Dekretuari dagokionez, jarduera ekonomikoa mantentze aldera egiten duen ekarpena azpimarratu du Remírezek, are gehiago Parlamentuak toki entitateentzako 25 milioiko eta autonomoentzako 20 milioiko ezohiko funtsak sortzeko hartutako erabakiaren ondoren.

 

Eledunek, oro har, eta zenbait ñabardurekin, Nafarroako Gobernuaren jarduna babestu dute.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma) adierazi du bere taldearen aldeko botoa neurrien “larrialdiagatik” dela. Izan ere, azaldu du “Gobernua ez dela gardena izan, ez diguzue azaldu neurri hauek nola finantzatuko diren, zuen erantzunekin zalantzak sortzen dituzue, eta Gobernuaren ardura da afera hau argitzea. Neurriak ezarri behar dira, laguntzak herritarrei eta enpresei lehenbailehen iritsi behar zaizkie. Mugi zaitezke, oraindik gauza askotan aurrea har dezakegu”.

 

Ramón Alzórrizek (PSN) Navarra Sumaren “leialtasuna” zalantzan jarri du, eta “azala uzten ari den” gobernu konprometitu baten “aurrea hartzea” eta “lidergorako” gaitasuna nabarmendu ditu. Horrelako egoeretatik “laguntza, elkartasuna eta diziplina bezalako baloreen bidez” irteten dela adierazi du, “pertsonak ekonomiaren aurretik” jarriz. “Argi daukagu elkarrekin dena posible dela. Hilabete batean, Gobernu honek 51 milioi jarri ditu beharrezko neurri urgenteei aurre egiteko, inor atzean gelditu ez dadin. Hori da hiru lege hauek dakartena, efikazia eta babes soziala, baita osasun eta finantza arloan ere”.

 

Uxue Barkosek (Geroa Bai) hasteko adierazi duenez, “plana helburu lehenetsian (osasuna) funtzionatzen ari bada, ez gabiltza gaizki. Aurrea hartu behar da, baina aurreratu gabe. Talde guztien arteko akordioa bilatu behar dugu soberakinaren erabilera ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Horrelako larrialdi batean premiazkoena bizitzak salbatzea da, eta ondoren, egoera sozio-ekonomikoa babestea. Zorra Nafarroatik jaulkitzea defendatzen dut. Ezin dugu alde batera utzi Nafarroako zorraren kalifikaziora eraman lezakeen erreskatea. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Estatuaren aurrean irmotasunez jokatu behar du”.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) ohartarazi du ezinbestekoa dela “oinarrizko beharren eta horniduren arloan sortutako kalteak konpontzeko Eskubide Sozialetatik beharko den finantzazioa aurreikustea. Etxebizitzen alokairuen kasuan bezala, Errenta Bermatuaren berritzea automatikoa izan behar da eta irekita dauden zehapen espedienteak gelditu behar dira, baita beste laguntza batzuei dagozkienak ere”.

 

Osasun arloan, adierazi duenez, “ez dago behar adina ekipo edo maskara langileentzat, pazienteentzat eta egoitza-zentroetako erabiltzaileentzat. Auto-hornikuntzaz hitz egitea zientzia-fikzioa da. Atera ezazue maskara berrerabilgarrien deialdi bat. Bestalde, oporren ostean bere lanpostura itzuli behar duen jende guztiarentzako bermea eskatzen dugu. Amaitzeko, aurreko astean onetsitako Foru Legeei aurkeztutako zuzenketak ez itzazue Gobernuaren aurkako eraso gisa ikusi. Elkarrizketari uko egin izanagatik emandako erantzuna izan zen”.

 

Mikel Builen (Podemos-Ahal Dugu) ustez “historikoa” izan da Gobernuak “hilabete bakar batean” krisi egoerari emandako erantzuna. “Gaur onesten ari garen kreditu berezi hauek etorkizunean iraun dezakete. Errenta Bermatuaz ari naiz, alokairuetarako laguntzei buruz, Gizarte Zerbitzuentzako laguntzei buruz. Sistema honen gabeziak airean gelditu dira eta Gobernu honek azkar erantzun du zaurgarritasun larri honen aurrean. Eta kontuz krisi honek generoan eta migrazioan duen inpaktuarekin. Konfinamendu honen mailakako irteerak ondoezak ekarriko ditu eta prest egon behar gara horretarako. Gobernu honek gure laguntza izanen du”.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) ziurtatu du Gobernuak zerbitzu publikoak indartzeko hartutako erabakiak elkarbanatzen dituztela, “bai osasun arloan, bai eta oinarrizko beharrei dagokienez ere. Etxeak, familiak zaindu behar ditugu, osasun zerbitzu publikoa, lankidetza eta gizarte segurantza sistemak blindatuz. Funtsezkoa da 130 milioiko Kontingentzia Funts horrek bere izaera zabalgarriari eustea. Indarberritze ekonomikoa kostuen banaketan oinarritu behar da, elkartasun kontua da. Krisiak ez die denei berdin eragiten, ez pertsonei ez enpresei”.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan zerbitzu juridikoek aurkeztutako hiru in voce zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, hiru foru legeen zioen azalpenak arau bakoitzaren edukiari egokitze aldera, martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 foru lege dekretuak, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituztenak, Foru Lege bihurtzerakoan egindako aldaketak direla eta.

 

Bilkura komunikabiderik gabe egin da, streaming bidez eskaini da eta 10 parlamentari bildu dira, Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Gobernuko Lehendakaria, María Chivite, Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeekin izan da.