Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Irailak 18

Parlamentuak 1936ko estatu-kolpearen esparruan desagertutakoen senitarteko orok informazio guztia ezagutzeko eskubidea duela aitortzen duen ebazpena onetsi dute

Erakunde publiko eta pribatuei dei egiten zaie haien artxiboetarako sarbidea erraz dezaten eta garai horretako 10.000 dokumentu baino gehiago desklasifika daitezen eskatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako btoekin eta PPNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak adierazten duen “1936ko estatu-kolpearen osteko errepresioan desagertutakoen senitarteko orok daukala bere senitartekoari buruzko informazio guztia ezagutzeko eskubidea, zer gertatu zen eta ahaidea non dagoen argitzen lagundu baitezake”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Parlamentuak dei egiten dien “erakunde publiko nahiz pribatu guztiei beren artxiboetan eduki dezaketen informazio guztia eman dezaten, eta ez diezieten inolako eragozpenik jar garai gertatutakoaren eta errepresaliatuak lurperatuta dauden tokiaren gaineko interesa ager dezaketen erakundeek edo beren kasa diharduten pertsonek egindako errekerimenduei”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Parlamentuak Gobernu Zentralaren Ordezkaritza eta Barne nahiz Defentsa ministerioak premiatzen ditu kasuko elkarrizketak abiaraz ditzaten, zeinen ondorioz Probintziako Presondegiko eta Ezkabako Gotorlekuko Presondegiko artxiboak igaro daitezen Nafarroako Errege Artxibo Nagusira, eta Nafarroako Dokumentu Ondarearen parte izatera”.

Halaber, Parlamentuak Gobernu Zentrala premiatzen du “1936-1968 aldiari buruz dauden 10.000tik gora agiri desklasifika ditzan, Nafarroari buruzko informazioa eduki dezaketelakoan”.

Azkenik, Legegileak “Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eskatzen dio bere artxiboetarako sarbidea protokoliza dezan –Barne Ministerioaren Artxibo Sistemaren mende daude–, errepresio frankistari buruzko orotan”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenaren arabera, “guztioi dagokigu, erakunde politiko, militar eta elizakoak barne, egiaren ezagutza erraztu eta bultzatzea informazio-iturriak baliatu ahal izatea erraztuz, zeinak, logika demokratiko ororen aurka, oraindik ere iritzi publikoari itxi eta harengandik ezkutatuta dauden”.

Proposatu dutenek haien ekimena Nafarroako Gobernuak desagertutako pertsonekin eta haien senideekin duen “zor morala ordaintzeko” egindako hainbat adierazpen eta ekimenen esparruan kokatzen dute.

Ildo horretan, duen esanahia eta oihartzunarengatik 33/2013 Foru Legea azpimarratzen dute, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa, bai eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Batzordean osatutako lan-taldea ere, biktimei ematen zaien arretaren egungo egoera aztertzeko, biktima horiei laguntza, ordaina, oroimena eta justizia emateko neurriaz bideratzeko sortu zena.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 81. zk., 2014-06-27koa)