Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Abenduak 19

Parlamentua 1936an errepublikaren aurka egindako altxamendua salatzera premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

Zertarako eta 2010ean Argentinako epaitegi batean genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik aurkeztutako kereilari gizartearen eta erakundeen babesa emateko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Parlamentua premiatzen zen “berriz ere salatzera 1931n zilegitasunez eratutako Errepublikaren eta legez eratutako Espainiako, Euskadiko eta Kataluniako gobernuen aurka Francisco Franco Bahamonde jeneralak 1936ko uztailean zuzendutako altxamendu militar faxista”.

Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non, halaber, Parlamentuak salatzen zuen “altxamenduaren ondotik ezarri zen diktadura, zeinean odolez eta suz erreprimitu baitzen disidentziaren eta askatasunaren, justizia sozialaren eta eskubide indibidual nahiz kolektiboaren aldeko borrokaren arrasto oro, berrogei urtez”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua bultzatzen zen “salatzera nekazaritzako, industriako eta finantzetako oligarkien parte handi batek eta Eliza Katolikoaren hierarkiak izandako jokabidea; izan ere, lehenbizi kolpea babestu zuten eta, ondoren, ezarritako erregimen faxista”.

Halaber, lortu nahi zen Parlamentuak babes zitzan “frankismoak errepresaliatutako pertsonen eskubideak eta aldarrikapenak, eta Estatuko administrazio publikoei, hau da, erakunde politiko eta judizialei, exijitzen die beharrezkoak diren neurriak har ditzatela 1936ko uztaileko altxamendu militarraren, erregimen frankistaren eta estatu-terrorismoaren errepresaliatuei honako eskubideok bermatzeko: erregimen hari buruz daukaten egiarako eskubidea baliatu ahal izatea, haren jarraitzaileek, historia berridazteko egin ohi dituzten ahaleginei, aurka egite aldera; egiazko justiziarako eskubidea, eginiko gizateriaren aurkako krimenen arduradunen egungo zigorgabetasun egoera gainditze aldera; frankismoaren ehun milaka biktimei ordain duin eta bazterketarik gabekoa ematea, eginiko eskubide-urraketengatik; eta, azkenik, gizarte osoaren eskubidea aldaketa soziopolitiko, juridiko eta instituzionalak ezartzeko, berriro halakorik ez gertatzea ziurtatze aldera.

Ildo horri jarraikiz, Parlamentua premiatzen zen adieraztea “babestu eta bat egiten duela frankismoan eginiko giza eskubideen urraketen arduradunen aurka genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik Argentinar Errepublikako Buenos Aires hiriko 1. epaitegian aurkeztutako 4591-10 kereilarekin, zeinen ikerketa María Servini de Cubría epaileak baitarama”.

Azkenik, herritarrak animatzen ziren “frankismoaren krimenen aurkako kereila babestera, bai frankismoan zuzenean errepresaliatuak izan zirenak edo hala izan zirenen ahaideak kereila-jartzaile gisa aurkeztuz, bai diktadura salatuz eta haren krimenen eta kriminalen aurkako kereilarekin bat eginez”.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak laugarren idatz-zatia ordezkatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular Bildu-k eta Aralar-Nabaik onetsi ez dutena, zertarako eta Espainiako eta Nafarroako gobernuak Memoria historikoari buruzko eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako nafarrak Aitortzeari eta haiei kalteak ordaintzeari buruzko legeak gauzatzera premiatzeko, “egiaren, justiziaren, kalteak ordaintzearen eta ez errepikatzeko bermearen printzipioei jarraiki”.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatu duten mozioak bat egiten zuen 2010eko apirilaren 14an biktimen senideek nahiz Argentinako eta Espainiako elkarte sozial eta giza eskubideen arlokoek aurkeztu duten kereilarekin, Argentinako zigor arloko epaitegi batean salatu baitzituzten “Francoren erregimenak eta horren egileek 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 20ra bitartean eginiko genozidio delituak edo, subsidiarioki, gizateriaren aurkako krimenak”; halaber, gizartearen eta erakundeen babesa eman nahi zioten kereilak bultzatzen duen bilatze-lanari.

Proposatu duten taldeen ustez, kereila horren izapidetzeak “arrakala bat irekitzen du frankismoa babesten jarraitzen duen zigorgabetasun-harresian” eta, horren karietara, pozik agertzen ziren nazioarteko jurisdikzioak “preskribitzen ez duten krimenak” aztertzeaz ardura daitezen, Auzitegi Gorenak “Konstituzioa aldarrikatu aurretiko amnistiari buruzko lege” batek babestuta ez baititu ikertu nahi.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 142. zk., 2013-12-05ekoa)