Noiz argitaratua Ostirala, 2012.eko Urriak 19

Parlamentu-taldeek foru komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan aurkeztutako 30 proposamenetatik 25 onetsi dituzte

Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan aurkeztutako 30 proposamenetatik, talde bakoitzeko bost, 25 (UPNren 5, SNren 5, Nabai-ren 4, Bildu-ren 4, PPNren 3 eta I-Eren 4) onetsi ditu.
 

Honakoak dira SNk hala eskatuta onetsi diren bost ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Gobernua premiatzen da “industria plan bat eta gazteentzako enplegu plan bat gauzatu eta abiaraz dezan; denboraren eta lekuaren araberako helburu zehatzak ezarriko dituztenak eta zeintzuek, besteak beste, enpresen finantzaketa emango eta zerga-onurak berritzeko eta birformulatzeko tresnak sortzeko neurriak jasoko dituzten eta gazteei bideratutako enplegua sortzea bultzatuko duten epe laburrerako eta ertainerako ekintzak antolatuko dituzten. Aipatu planak bi hilabeteko epean egingo dira, eta Parlamentura igorriko dira eztabaidatuak eta onetsiak izan daitezen”.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Gobernua premiatzen da “ondarearen eta errentaren gaineko zergen aldaketa legalak bultza ditzan, errentarik altuenen eta aberatsenen ondarearen zerga-ordainketa handitze aldera; bai eta iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko estrategia berri bat gara dezan ere”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Gobernua premiatzen da “gure Osasun Sistema Nazionalaren, eta horrenbestez, Osasunbidearen izaera publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa defenda dezan, herritar guztiei osasun-laguntza baldintza berdinetan ematen zaiela bermatze aldera; osasunari buruzko lege orokorrean, osasun publikoari buruzko legean eta osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko foru legean xedatzen den moduan”.
 

Nafarroako Parlamentuak “osasun-laguntzan eta farmazia-laguntzan koordainketa (berrordainketa) arbuiatzen ditu, bai eta presakoa ez den osasun-garraioan ere, eta Nafarroako Gobernua eskura dituen tresna guztiak baliatuz alor honetan ditugun eskuduntzak defenda dezan premiatzen du, baita egoki irizten dituen formula legalak bila ditzan, eredu unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa PPk krisiaren aitzakia erabiliz instituzionalizatzen ari den ereduari kontrajartze aldera”
 

Laugarren ebazpena. Nafarroako Gobernua premiatzen da “ebazpen proposamen hau onesten denetik sei hilabeteko epean gazteentzako enplegu plan bat presta dezan, kontra egiteko plan gisa, gutxienez honako elementuak kontuan hartuko dituena: langabezi egoeran dauden gazteen ezaugarri eta baldintzak identifikatzea (heziketa mota, titulazioa dutenetz eta norainokoa eta aldez aurretik lanean egon izatekotan, zein alorretan) eta jardueraren alor ezberdinetan gazteentzako lan nitxo posibleak identifikatzea.
 

Identifikatutako segmentu bakoitzarentzat jarduera eskaintza bana: lan- berrorientabiderako heziketa berezia, bekak, enpresen lehentasunezko kontrataziorako laguntza bereziak, gazteen enpresa ekintzailetzarako laguntza bereziak, ekimenen finantzaketa eta jarduera hasieragatiko arrisku estaldurak”.
 

Bosgarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “hezkuntzaren alde egiten” adierazten du “herritar aske eta arduratsuz osatutako gizarte bat sortzeko oinarrizko tresna gisa, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du, dituen eskumenak baliatuta, hezkuntza sistema publikoa aukera berdintasunaren, kohesio sozialaren eta inklusioaren bermatzaile gisa defenda eta indar dezan, gure gizartean egon behar duten eta gure hezkuntzaren oinarri izan behar diren oinarrizko osagaiak diren aldetik”.
 

“Ildo honetan, bere ikastetxeak egoki hornitu beharko ditu guztiek eskola arrakasta izatea ahalbidetuko duen eta pertsonen eta ahalegin bereziak eskatzen dituzten zonaldeen arteko konpentsazioa bermatuko duen kalitatezko hezkuntza bat eskaintzeko behar diren baliabideekin, alegia”.
 

Honakoak dira NABAIk hala eskatuta onetsi diren lau ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Parlamentuak adierazten du “ekonomiaren egoerak okerragora jotzera eta ekonomia piztera eta enplegua sortzera bideratutako neurri antiziklikoei erasotzera besterik laguntzen ez duten egungo politika murriztaileak alde batera uztea beharrezkoa izateaz konbentzitua” dagoela. “Halaber, gizarte-laguntza sistema aurreratu bat mantentzea ahalbidetuko duen zerga-sistema bidezko, progresibo eta birbanatzaile bat beharrezko jotzen da”.
 

Halaber, “Nafarroako nekazari eta abeltzainen behar larriei erantzutea beharrezkoa” dela ohartarazten da.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcina anderearekiko eta bere gobernuarekiko konfiantza falta osoa adierazten du; gizartearen gehiengoarentzat egokia eta ona den era batean, Foru Komunitatea igarotzen ari den ekonomiaren, gizartearen eta enpleguaren egoera larria konpontzeko gai ez direla irizten baita”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “astetik astera Foru Komunitatean hezkuntzaren eta osasunaren alorrean ezartzen ari diren murrizketak arbuiatzen ditu. Alor horiek lehen, gizarte politikekin batera, ongizatearen estatuaren euskarri ziren”.
 

Laugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “gure eskuduntzak etengabe urratzearen guztiz kontra dagoela adierazten du, PPk Espainiako Gobernutik Errege Dekretu prozeduraren bidez aplikatzen ari dena, zeinak Nafarroaren autogobernua asko mugatzea edo galtzea eragiten ari duen”.
 

Eta “autogobernu osoa defendatzeko eta garatzeko konpromisoa duela adierazten du, autogobernuan bertan sakontzearen alde eginez, Nafarroako gizartea, ekonomia eta demokrazia gara daitezen oinarrizko tresna deneko uste osotik abiatuta”.
 

Honakoak dira BILDU-NAFARROAk hala eskatuta onetsi diren lau ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “Yolanda Barcina Angulo buru duen Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak porrot egin duela ohartarazten du; eta politika ekonomiko honek izan dituen ondorio dramatikoen artean, besteak beste, langabezia indize onartezinak eragin dituela”.
 

Bigarren puntu batean, Ganberak “honako zutabeetan oinarritutako ordezko politika ekonomiko bat ezartzea beharrezkoa eta premiazkoa dela irizten du:
 

-Ordezko zerga politika berri bat, erabakitasun osoz iruzurraren kontrako borroka eraginkor bati ekingo diona, aberastasunaren birbanaketan sakonduko duena, progresibitatea handituko duena eta enpresen, espekulatzaileen eta errenta handien etekinek dituzten pribilegioak ezabatuko dituena. Kalitateko zerbitzu publiko unibertsalak bermatuko dituen zerga politika bat.
 

-Gastuen eta aurrekontuak egitearen irizpideen definizio berri bat; ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari lotutako itzulerarik ez duten goi-karguen prebendetan eta azpiegitura garestietan arrazoirik gabe egindako gastuen aurrean, justizia soziala bermatzen duten zerbitzu publikoen eta politika sozialen finantzaketari lehentasuna emango diena, bai eta kalitatezko enplegua eta dinamismo ekonomikoa sortzen dituzten inbertsio publiko emankorrei ere.
 

-Nafarroako herritarren balio erantsi lehiakor gisa hezkuntzaren eta heziketaren aldeko apustu argia egitea eta konpromisoa hartzea, eta I+G+B publikoaren zerbitzura dauden baliabideak areagotzea.
 

-Nafarroako Aurrezki Kutxa desagertu dela-eta, gure enpresentzako eta banku publikoak berezko dituen zerbitzuetan lan egiten duten autonomoentzako finantzaketa-zerbitzu bat aztertzeko eta harentzako formula eraginkorrak bilatzeko prozesu bat berehala hastea, denbora gutxian abiarazte aldera”.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “bake prozesuarekiko eta normalizazio politikoarekiko konpromisoa adierazten du, bai eta baketze sozialarekiko eta bizikidetzarekiko, demokraziarekiko eta pertsona guztiei eta kolektibo guztiei dagozkien eskubideen baliatzearekiko ere”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “gaitasunik ez duen eta, hautsita egoteaz gain, gutxiengoan dagoen gobernu baten buru izanik, egun Nafarroako Gobernuaren lehendakari den Barcina anderearen jarduketa erabat arduragabea dela irizten du”.
Ganberak, bestalde “UPNren Nafarroako Gobernuak Nafarroako gizartearen arazoei konponbideak emateko objektiboki ez dela gai ohartarazten du ”.
 

Laugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “Yolanda Barcina Angulo buru duen Nafarroako Gobernuak kudeatzean duen opakutasuna eta gardentasun eza gaitzesten ditu”. Eta adierazten du “herritarrei dagokien informaziorako eskubidearekiko konpromiso demokratikoa” duela “eta herritarrei eta haien parlamentu-ordezkariei ukatu zaien informaziorako eskubidea bermatze aldera lan egiteko konpromisoa agertzen” duela.
 

Honakoak dira PPNk hala eskatuta onetsi diren hiru ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “bere konpromisoa adierazten du Nafarroaren foru erregimena defendatzeko eta laguntzeko, zeina Foru Hobekuntzari buruzko Legean oinarritzen den; azken hori, Espainiako Konstituzioan aitortzen baita eta azken hiru hamarkadetan Foru Komunitateak aurrera egiteko eta bere ongizaterako tresna izan baita”.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “Terrorismoaren biktimei laguntzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2010eko Foru Legea guztiz indarrean dagoela baieztatzen du eta memoria kontzeptua txertatuz foru legea indartzeko konpromisoa hartzen du, betiere terrorismoaren biktimen ondarea jakinarazteko, babesteko, mantentzeko eta gordetzeko”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “aurrekontuko partida irmoaren bidez eta betetzea ezeztatzeko aukerarik gabe, familientzako diru-laguntzak bermatzeko konpromisoa hartzen du, familia ugarientzat eta baliabiderik gabeko familientzat bereziki”.
 

Honakoak dira IZQUIERDA-EZKERRAk hala eskatuta onetsi diren lau ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “enplegua sortu eta ekonomia berriz ere piztu dadin laguntzeko konpromisoa agertzen du, 2012an errenta altuen, kapitalaren, enpresa handien eta iruzurraren kontrako zerga ordainketa handituko dituen zerga erreforma bat onetsiz eta bertatik eratorritako baliabideak erabiliz; baita Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialaren zerbitzura egongo den banku publiko bat sortu dadin laguntzeko konpromisoa agertu ere”.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “bere babesa adierazten die langileek eta herritarrek murrizketa sozialen eta eskubide murrizketen aurka egindako mobilizazioei; eta politika neoliberalen aurka, borroka sozialak orokorrak, solidarioak eta bateratuak izatea beharrezkoa dela adierazten du”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “zerbitzu publikoak (hezkuntza, osasuna, menpekotasuna eta zerbitzu sozialak) indartzeko eta lehenesteko lan egiteko konpromiso irmoa adierazten du; betiere enplegu publikoaren bidez eta herritarren oinarrizko beharrak betetzeko arreta unibertsala emango zaiela bermatzeko asmoz”.
 

Laugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “Nafarroaren aniztasun politiko, sozial, linguistiko eta identitarioa aitortzen duela adierazten du, gure erkidegoarentzako osagai aberasgarri gisa. Gainera, besteak beste, elkarren arteko errespetuaren eta identitateari dagokionean inposaketarik ez egotearen alde egiten du; baita hizkuntzari, identitateari eta aniztasun politiko zein sozialari dagokionean, pertsona guztien eskubideak bermatzearen alde ere”.

Honakoak dira UPNk hala eskatuta onetsi diren bost ebazpenak:
 

Lehenengo ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “berriro ere, terrorismoaren biktimei ulertzen dituela eta bere elkartasuna eta babesa dutela adierazten die; askatasunaren eta justiziaren aldeko borroka etengabearen sinbolo iraunkorrak izateagatik, demokraziak haiekin betiko duen zorra aitortuz”.
 

Bigarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “defizita betetzeko konpromisoa duela adierazten du, gure ekonomiarekiko konfiantza berreskuratzeko ezinbestekoa dena, bai eta ekonomiaren lehiakortasuna handitzea ahalbidetuko duten politiken alde egiteko eta politika sozialen eta zerbitzu publikoen finantzaketa bermatzeko konpromisoa duela ere, betiere enpleguaren sorrera bultzatuko duten neurriak hartuz”.
 

Hirugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “berriro ere, autogobernuarekiko eta Nafarroako Foru Komunitateak jatorritik dituen eskubide historikoekiko konpromisoa duela adierazten du, Europako Erkidegoan eta NFEBHLOn kokatuta eta erakunde postuaren zein erakunde leialtasunaren esparruan”.
 

Laugarren ebazpena. Nafarroako Parlamentuak “administrazioa arrazoizko bihurtzeko, burokrazia oztopoak ezabatzeko eta araudia zein haren prozedura sinplifikatzeko konpromisoa duela adierazten du, bikoiztasunak saihesteko eta administrazioa herritarrentzat merkeagoa izateko”.
 

Bosgarren ebazpena. Nafarroako Gobernua premiatzen da “hitzarmen ekonomikoan eragina izan dezaketen gaietan, gure erkidegoak ECOFINen lan bileretan parte hartzea eskatu diezaion Espainiako Gobernuari; betiere zerga alorrean dugun eskuduntzaren bertutez eta NFEBHLOaren 65. artikuluan xedatutakoari jarraiki”.