Osoko Bilkuraren hasieran, Unai Hualdek adierazi du Parlamentuak bat egiten duela Kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktima guztiak oroitu eta omentzeko Egunarekin ospakizunarekin
Gaurko Osoko Bilkurari hasiera emateko, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak adierazi du Parlamentuak bat egiten duela Kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktima guztiak oroitu eta omentzeko egunaren ospakizunarekin. Egun hori urriaren 31n ospatzen da, Memoria Demokratikoari buruzko Legearen 7. Artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hartara, hilaren 29an, astelehena, berak proposatuta Mahaiak aho batez onetsitako Erabakia irakurri du Unai Hualdek.
Hona erabakiaren testua:
1. Espainiako milaka gizon eta emakume omentzea –3.500 pertsonatik gora erailda Nafarroan bakarrik, milaka erbesteratu eta errepresaliatu–, beren bizitza eta askatasuna demokraziaren eta askatasunen aldeko borrokarekin konprometitu zutenak, zeinak elkarbizitzan eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako gizarte ororen zutabe diren. Gaur printzipio horiek berresten ditugu, gaur egun bizi dugun erregimen demokratiko, bizikidetzazko eta aniztasunekora iritsi ahal izateko haiek egin zuten ekarpenaren oroimenez eta aitortzaz.
2. Aitortza egiten diegu berdintasuna, ekitatea, askatasuna eta justizia balioak aldezteagatik kalte fisiko, moral edo psikologikoa, ondare-kalteak edo bere oinarrizko eskubideen funtsezko narriadura banakakoa edo kolektiboa jasan zituzten pertsona orori, giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa diren egiteen edo ez-egiteen ondorioz jasan ere, 1936ko uztailaren 18ko Estatu kolpetik hasi eta ondorengo gerran eta diktadura frankistan 1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean sartu arte doan aldian.
3. Beharrezkoak diren egintzak gauzatzea kolpe militarraren, gerraren eta diktadura frankistaren biktimen memoria zaindu eta gordetzeko egiaren ezagutzaren bidez, biktimen eskubide den aldetik, justiziaren ezarpenaren eta erreparazioaren sustapenaren bidez eta botere publikoen memoria-betebeharra ezarriz, indarkeria politiko edo totalitarismo forma ororen errepikapena saiheste aldera.
4. Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatzen duen Memoria duten eskolak programaren lana bultzatu eta laguntzea, hezkuntza-proiektu zeharkakoa baita, belaunaldi berriei zuzendua, hezkuntzaren munduaren eta memoriaren alorreko politika publikoen arteko topagune izan nahi duena, bereziki memoria-guneak, hilotzak lurpetik ateratzea eta frankismoaren biktimen giza eskubideen urraketa-prozesuen ikerketa.
5. Erabaki hau irakurtzea heldu den urriaren 31ko Osoko Bilkuraren hasieran, Kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktima guztiak oroitu eta omentzeko Eguna dela-eta.