Osasun laguntza prestazio unibertsal gisa bermatzeko estatu mailako legegintzako herri ekimena
Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 21ean
Nafarroako Parlamentuak onetsi du gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren aurkakoekin, Lege proposamena, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, aldatzekoa, zeinaren bidez osasun laguntza prestazio unibertsal gisa berreskuratu nahi baita.
Diputatuen Kongresuko Mahaiak izapidetzeko onestekotan, Foru Parlamentariek Ganbera horren aurrean defendatu beharko dute.
Irakurketa bakarrean eztabaidatutako eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako Lege proposamenaren helburua da 16/2012 Errege Lege Dekretuaren disfuntzioekin amaitzea da, osasun laguntza interpretatzen baitu “beren lanarengatik kotizatzen ari diren pertsonak direla osasun laguntzarako eskubidea aitortuta dutenak”, beraz, egoera irregularrean zegoen biztanleria immigranteak kanpoan gelditzen dira.
Arrazakeria, arraza-bereizkeria, xenofobia eta horiekin lotuta dauden intolerantzia-modu garaikideetarako errelatore bereziak eta Muturreko Pobreziaren eta Giza Eskubideen errelatore bereziak milaka pertsonaren kanporatzeari buruz ohartarazi zuten, legalak izanik, osasun sistema publikotik kanpor gelditu baitziren “euren asilo eskaera baztertua izanik ezin izan baitziten euren dokumentazioa eguneratu”.
Hala, osasun laguntza prestazio unibertsal gisa ezartzeko, eta Espainian ohikotasunez bizi diren atzerritarrek osasun laguntza eduki dezaten, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko 16/2003 Legearen, maiatzaren 28koaren 3. artikulu berriak hala dio:
1. Honako erabiltzaile hauek dira osasunaren babeserako eta Osasun Sistema Nazionalaren osasun laguntzarako eskubideen titularrak:
a) Espainiar guztiak eta Espainian dauden atzerritarrak, espainiarren baldintza berberetan, ohikotasunez bizi diren udalerriko erroldan inskribatuta badaude.
b) Espainian dauden atzerritarrek, baldin eta aurreko paragrafoan sartuta ez badaude, urgentziazko osasun-laguntza publikorako eskubidea dute gaixotasun larriak edo istripuak dituztenean, horien arrazoia edozein dela; bai eta laguntza horren iraunkortasunerakoa ere, senda-agiria lortu arte. Espainian dauden hemezortzi urte baino gutxiagoko adineko atzerritarrek osasun-laguntzarako eskubidea dute, espainiarren baldintza berberetan. Espainian egon eta haurdun dauden atzerritarrek osasun-laguntzarako eskubidea izanen dute, haurdunaldiak iraun bitartean, erditzean eta erditu ostean ere.
c) Europar Batasuneko kide diren estatuetako nazionalitatea dutenek Europar Batasuneko zuzenbidetik eta Espainiako Estatuak sinatuta dituen eta aplikatzekoak zaizkien itun eta hitzarmenetatik heldu diren eskubideak dituzte.
d) Europar Batasunekoak ez diren estatuetako nazionalitatea dutenek legeek eta sinatutako itun eta hitzarmenek aitortzen dizkieten eskubideak dituzte.
2. Administrazio publikoek osasunaren arloko beren ekintzak bideratuko dituzte halako moldez non neurri aktiboak ezarriko baitituzte, ez dadin diskriminaturik gerta kultura-, hizkuntza-, erlijio-, gizarte- edo ezgaitasun-arrazoiak direla medio Osasun Sistema Nazionalaren osasun prestazioen benetako eskuragarritasunerako zailtasun berezia duen ezein biztanleria-kolektibo».
Ekimenaren titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.
Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.
Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.
Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.
Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.
-
Foru Lege Proposamena (73. NPAO, 2018-05-29koa)