Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Irailak 19

Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikita dauden C eta D mailako osasun arloko langileen lanbide karreraren sistema ezartzen duen Foru Legea

Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko irailaren 19an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi du gaur Foru-lege proiektua, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun arloko langileen lanbide karreraren sistema ezartzen duena, salbu eta fakultatibo espezialistena, osasun arloko beste fakultatibo batzuena eta osasun arloko diplomadunena, kolektibo horiei jada aplikatzen baitzaie. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdiek alde bozkatu dute, eta Vox alderdiak, berriz,kontra.

 

Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du gaur Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen aldaketa. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdiek alde bozkatu dute, eta UPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra.

 

Gobernuak sustatutako foru-lege honen xedea da Osasun Departamentuari eta bere erakunde autonomoei atxikitako osasun arloko langileen lanbide karrerako sistemaren aplikazioa osatzea, hala, ikusirik aipatu osagarria langile fakultatiboei eta diplomadunei aplikatu ostean lortutako hobekuntza kualitatibo eta kuantitatiboa, “motibaziorako eta inplikaziorako tresna hau” gainerako zerbitzuen prestazioan baliatzeko; izan ere, prestazioa hobetzeak O-NOZek eskaintzen duen arretaren “kudeaketa efizientearen bidean beste aurrerapauso bat” ekarriko luke.

 

Horri dagokionez, eta jakinda "osasun-eskaria handitzeak" modu batera edo bestera prestazio horien ardura duten langileen "parte-hartze aktiboa" eskatzen duela, ezagutzaren (titulazioak barne), esperientziaren eta helburuak betetzearen arloetan aitorpen profesionala garatzearen alde egiten da.

 

Helburu horrekin, karrera-sistema bat egituratzen da, lau mailatan banatua. Eskala desberdinetan sartzea eta igotzea merezimenduak egiaztatzearen mende geratzen da, baremo baten arabera. Baremo horretan eskatutako puntuen % 50 emandako zerbitzu-urteen arabera esleitzen da, eta beste % 50a jarduera, garapen eta perfekzionamendu profesionalari buruzko baldintzen arabera.

 

Horrekin lotuta, Administrazioak baliabide propio eta publikoekin bermatu beharko du langile guztientzat aurreikusitako gutxieneko prestakuntza-orduak eman eta egiaztatzen direla. Hori egin ezean, ordu horiek baremoko gainerako atalekin osatuko dira.

 

Lanbide karreraren maila Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak esleituko du, erregelamenduz ezarritako arauen arabera xede horretarako eratzen diren Ebaluazio Batzordearen edo Batzordeen (osaera paritarioa) ebazpenari jarraikiz.

 

Esparru horretan, lanbide karrera osagarri baten bidez ordainduko da. Osagarri hori hamalau hilekotan ordainduko da eta urtero eguneratuko da, aurrekontuei buruzko foru legeetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarietarako ezartzen den igoeraren arabera.

 

Hasierako kokapenak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak, baina lege honetan C eta D mailetako langile sanitarioentzat araututako karrera profesionaleko osagarria pixkanaka ezarriko da, eta, beraz, modu progresiboan ordainduko da, gehienez ere lau urtean, aurrekontu-baliabideen arabera, gutxieneko hauen arabera: hasierako esleipenaren % 50 2024an; % 70 arte 2025ean; % 90 arte 2026an; eta gainerakoa 2027an.

 

Karrera profesionaleko sistemaren aplikazioa bateragarria izanen da Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza, zuzendariordetza, burutza postuetan edo zuzendaritza arloko beste edozein ardura kargutan aritzearekin, bai eta lan-ordezkaritzako organoetako kide izatearekin ere.

 

Nafarroako Gobernuak lege hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapenak ematen ez dituen bitartean, mailak esleitzeko 2025ean izapidetzea aurreikusten duen foru dekretuaren proiektua barne, ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretua aplikatuko da, Osasun Sistema Nazionaleko osasun-diplomadunen karrera profesionalaren sistema arautzen duen 8/2008 Foru Legea garatzen duena.

 

Hala ere, eta laugarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, azken helburua da lanbide karrera garapena Foru Komunitateko Administrazioko langile guztietara hedatzea, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da jarduna ebaluatzeko eredu homogeneo bat izatea.

 

Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikita dauden C eta D mailako osasun arloko langileen lanbide karreraren sistema ezartzen duen Foru Legea irakurketa bakarreko prozedura bidez izapidetu da NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.