Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 9

Osasun Departamentuak "eraginkortasuna zalantzan" duten medikamentuen finantzaketaz gogoeta egiteko eskatu du

Gastuaren hazkunde jarraitua eta etengabea dela-eta EH Bilduk aurkeztutako jabeldurari erantzunez; 2017an gastu hori 248 milioikoa da, Osasun Departamentuaren aurrekontuaren % 25

Osasuneko kontseilariak gaur ohartarazi du farmazia-gastuak gora egin duela, beste arrazoi batzuen artean, "eraginkortasun klinikoa zalantzan duten" medikamentu batzuk finantzatzen direlako, eta hausnartu beharra dagoela zertan gastatu baliabideak, horrelako botiketan ala prebentzioan eta programa aringarrietan.

 

Farmazia-gastua egunean 680.000 eurokoa da. Horren arrazoi nagusiak dira batetik biztanleriaren zahartzea eta bestetik "prezio izugarri handia duten medikamentuak sartu izana, eraginkortasun frogatua dutenak nahiz eraginkortasuna zalantzan dutenak", esan du Fernando Domínguezek.

 

Medikamentu berrietatik ia % 30ek "ez dute hiru hilabete baino gehiago luzatzen biziraupen orokorra", adierazi du kontseilariak, EH Bilduk farmazia-gastuaren hazkundeari buruz aurkeztutako jabeldurari erantzunez.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) eztabaidan jarri du gastu horren "hazkunde jarraitua eta etengabea". 2017ko aurrekontuan, botiketarako eta farmazia-prestazioetarako kontu-sailen zenbatekoa 248 milioi euro ingurukoa da, hau da, Osasun arloko aurrekontuaren laurdena.

 

Ruiz kezkatuta agertu da gastua asko handitu delako ospitale guztietan, batez ere osasun mentalean eta Lizarrako García Orcoyen Ospitalean.

 

Fernando Domínguez Osasuneko kontseilariak azaldu duenez, farmazia-gastuak bi osagai ditu: ospitaleetako gastua, eta farmazia-bulegoetan errezetaren bidez eskuratzen diren botiketako gastua.

 

Errezetaren bidezko botiketako gastuak 2012tik bilakaera "nahiko kontrolatua" izan du, % 4ko igoera gainditu gabe. Hazkundearen eragile nagusiak biztanleriaren zahartzea eta gaixo kronikoen, patologia anitz dituztenen eta medikamentu anitz hartzen dituztenen kopuruaren igoera dira, kontseilariaren esanetan.

 

Errezetadun botiken artean diabetesaren kontrakoek eragiten dute gasturik handiena: 2007an % 3,59 eta gaur egun % 9,28, pertsona gehiagok jasotzen dutelako tratamendua eta medikamendu berriak garestiagoak direlako, "hobeak direnik frogatu ez den arren".

 

Ondoren datoz arnasbideetako gaitz kronikoen kontrako farmakoak, esaterako asmaren edo biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren kontrakoak, % 7,17tik % 8,03ra igaro baitira, eta antidepresiboak; azken horiek erruz kontsumitzen badira ere, gastuan duten pisua % 9tik % 7ra jaitsi da, generikoen prezioak behera egin duelako.

 

Aurrekoei kolesterolaren kontrako medikamentuak gehitu behar zaizkie, presio komertzialagatik eta gaixoen eskariagatik. Izan ere kolesterola gaixotasun kardiobaskularren arrisku faktore nagusia den "uste okerra" dago. Hipertentsioaren kontrako farmakoek ere pisu handia dute.

 

Osasun mentaleko gastua hazi egin da medikamentuak osasun mentaleko zentroetan ematen direlako zuzenean, horrek tratamenduarekiko atxikimendua errazten baitu eta ikuspuntu ekonomikotik errentagarriagoa baita. Lizarran ere gastua handitu egin da, Nafarroako Ospitalegunean ematen ziren farmakoak orain Lizarrako Ospitalean ematen direlako.

 

Ospitaleetako medikamentu-gastua 2007tik hona % 118 hazi da, Domínguezen esanetan. Medikamentu horien artean GIBa edo C hepatitisa tratatzekoak nabarmendu ditu, zenbaitetan prezio izugarri handia duten patenteei lotuta egoten direla esanez. Onkologiako medikamentuetako gastuaren gehikuntza garrantzitsua aurreikusten dela gehitu du, "ez beti osasunaren hobekuntzarekin batera".

 

Horrek guztiak gogoeta eragin behar duela esan du kontseilariak. Medikamentuen zentzuzko erabileraren aldeko neurriak hartu behar direla erantsi du; besteak beste, erosketa zentralizatua.

 

Begoña Ganuzak (UPN parlamentu-taldea) "kostuaren gorakada eutsiezina" aipatu du, eta medikamentuen erosketa arrazionalizatzeko eskatu du. Ondoren, Koldo Martínezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) medikamentuen eta zerbitzuen ebaluazio ekonomikoa kontuan hartzeko deia egin du.

 

"Datuak hortxe daude, gastu handia dago eta emaitza urria", esan du Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea),eta kostua eta eraginkortasuna aztertzearen alde agertu da. María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) esan du Nafarroa gastu hori igotzen ari zaion erkidego bakanetakoa dela, eta gastua kontrolatzeko efizientzia-plan bat eskatu du.

 

Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea) deia egin du gastuaren azterketa egiteko eta horrelako gaiak jorratzen dituzten osasun-foro nazionaletan parte hartzeko. Marisa de Simón (I-Eko foru parlamentarien elkartea) “lasai” geratu da kontseilariaren erantzunarekin, eta berak ere gastuaren azterketaren beharra nabarmendu du.