Osasun Departamentua premiatzen da koronabirusaren krisiak eragindako neke pandemikoari aurre egiteko kanpaina instituzionalak egin ditzan
Ganberaren ustez gizalegearen aurkako portaerak eta jokabide intolerante eta negazionistak baztertu behar dira, eta herritarrak zientziarengan konfiantza izatera eta jarrera eredugarriari eustera animatu ditu
Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “koronabirusaren krisiak eragindako neke pandemikoari aurre egiteko kanpaina instituzionalak egin ditzaten”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “zeharo gaitzets ditzan gizalegearen aurkako portaerak nahiz portaera horiek sustatu dituzten jarrera negazionistak eta intoleranteak”.
Bestalde, Gobernuari eskatzen zaio “pandemiaren irteera seguru eta eraginkorra Zientziaren eskutik ez beste inondik etorriko delako uste osoa dutela adieraz dezan”.
Azkenik, Foru Gobernua premiatzen da “herritarrei dei egin diezaien izaten ari diren jokaera eredugarriarekin jarrai dezaten, COVID-19ari aurrea hartzeko oinarrizko gomendioak betez”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela "herritarrak gizalegearen aurkako portaeretan" eta prebentzio-arauen kontrakoetan ez erortzea; izan ere, txertoak iritsi arren, osasunari eta bizi-baldintzei dagokienez egungo "ziurgabetasun-egoerari" aurre egiteko arau horiek beharrezkoak dira; bizi baldintzak, kasu askotan "duela urtebetetik pairatzen dugun krisi sozioekonomiko eta sanitarioaren ondorioz erabat baldintzatuta edo asaldatuta baitaude”.
Horregatik, OMEk "neke pandemikotzat" jotzen duen horren eraginez herritarren "neke-zantzuak" ulertuta ere, "gomendatutako babes-jokabideak jarraitzeak" eragin dezakeen "motibazio falta" iraultzera animatzen da, eta zientziak pandemiari aurre egiteko duen gaitasuna azpimarratzen da, "testuinguru sozial, estruktural edo kulturalaren arabera bakoitzak izan ditzakeen emozio, esperientzia eta pertzepzioetatik haratago".
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Maribel García Malo, Yolanda Ibáñez, Patxi Pérez (G.P. Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (G.P. PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (G.P. Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (G.P. EH Bildu) eta Mikel Buil (A.P.F. Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (36. NPAO, 2021-03-16koa)