Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Abenduak 22

Osasun Batzordeak Larraingoako Komunitate Terapeutikoa bisitatu du

Antox elkarteak adikzioetarako arreta profesionalizatuko egoitza-zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko dituen arazoak eta premiak egiaztatzeko

Osasun Batzordeak gaur Larraingoako Komunitate Terapeutikoa bisitatu du. Adikzioen ikerketarako, prebentziorako eta tratamendurako Antox elkarteak kudeatzen duen komunitate horrek 20 plaza ditu Nafarroako Gobernuarekin itunduta.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Cristina Ibarrola, Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Andrea Corera Antoxeko koordinatzaile nagusiak, Luis Aguilar eta Saioa Bariáin psikologo eta zuzendari terapeutikoek, komunitate terapeutikoaren programaren koordinatzaile Maite Santestebanek eta Carmen Jubilar kudeatzaileak.

 

Geroa Baik eskatu du bisita egiteko. Helburua izan da bertatik bertara ezagutzea zentroaren instalazioak eta funtzionamendua, atzo Parlamentuan lan saioa egin eta gero. Atzoko bilera horretan Antoxeko kideek “presako laguntza” eskatu zuten, 1982tik adikzioetarako arreta profesionalizatua emateko daukaten proiektuan aurrera jarraitu ahal izateko.

 

Parlamentariek egoitza-zentroaren instalazioak eta inguruak ikusi dituzte. Zentroan darabilten programak adikzioen arazoari ekiten dio “ikuspegi integral, integratzaile eta diziplinarteko batetik, adikzio nahasmenduak eta osasun mentaleko arazoak dituzten helduentzako banakako tratamendu programaren bidez, pertsona horiek esku-hartzearen beharra baitute barnetegiko ingurune egituratuagoan, diziplinarteko lantalde batek gainbegiratuta”.

 

Andrea Corerak azaldu du iragan azaroaren 29tik “arazo larri bat” dutela zentroan: elurtearen ondorioz linea elektriko bat erori zen eta 38 ordu baino gehiago eman zituzten argindarrik gabe. Oraindik ere behin-behineko sorgailua erabili behar dute eguneroko jarduerarako.

 

1985eko argindar linea denez, “behin baino gehiagotan sortu dizkigu arazoak, eta gainera sutea eragiteko arrisku handia dago. Horregatik, laguntza ekonomikoa behar dugu linea konpontzeko eta, horrekin batera, eguzki plakak instalatzeko, antzeko zerbait berriz gertatuko balitz ere”, azpimarratu du. Linea konpontzearen eta eguzki plakak instalatzearen kostua 130.000 euro ingurukoa da.

 

Beste premia handi bat zentroko sarbidea egokitzea da. Sarbideko pista egoera txarrean dago, eta zubia inoiz erori ere egin da ibaiaren goraldietan. Jarduketa horiek egin ezean, Antoxek “bideraezin” ikusten du hurrengo urtetik aurrera zentroak jardunean irautea.

 

Bestalde, ohartarazi dute plazaren prezioa ez dela eguneratu 2019tik. “2017ko datuen arabera kalkulatuta dago eta ez ditu estaltzen artapen osoa eta kalitatezkoa bermatzeko gastu guztiak”. Ondorioz, elkarteak urtetik urtera gastu handiagoa egin behar du, eta uste dute 100.000 eurotik gorakoa izanen dela 2021eko gastua.

 

Corerak gaineratu duenez, zentroa “drogarik gabeko espazioa sortzeko leku guztiz egokian dago, landa eta natura ingurunearekin etengabeko harremanetan”, baina Ondareak eta Baso Zerbitzuak lagatako finka batean dago eta kontratuan ez da inolako aldaketarik egin 1982tik. Horiek horrela, “lege eta ondare aldetik zehaztasun falta dago eta lehenbailehen ezarri behar da lagapen eredu berri bat, baldintzak argituko dituena, alegia, alderdi bakoitzaren ardurak: instalazioetarako sarbidea, ura, argia eta gainerako hornidura nagusiak, edota egiturazko egokitzapenak”.

 

Parlamentariek beste zenbait beharrizan egiaztatu ahal izan dituzte: biltegiko eraikina erabiltzea galarazten duten amiantoa eta hondakinak kendu behar dira, beheko solairua egokitu behar da gaur egun hirugarren solairuan dagoen botika gela bertan kokatzeko, eta logelak egokitu behar dira birentzat izan daitezen (gaur egun zenbait logelatan 4 pazientek lo egiten dute elkarren gaineko ohatzeetan)”.

 

Landa garapenerako egiten duten ekarpena nabarmendu du Antoxeko lantaldeak. Izan ere, ibarreko zerbitzuak biziberritu dituzte, bertako hornitzaile eta gremioak eta inguruko ibarretako profesionalak kontratatuz. Amaitzeko, presako laguntza eskatu dute eta Parlamentua premiatu dute “adikzioetarako eta osasun mentalerako arretaren egoeraren azterketa orokorrera bideratutako prozedura bati ekin diezaion, eremu guztietako solaskideak bilduta, gizarte, osasun, prebentzio, lege zein zigor arloetakoak, hartara lege esparru berri bat sortzeko, hobeki erantzunen diona ukitutako pertsonen eta haien ahaideen egiazko egoerari, eta kalitatezko arretarako behar diren baliabideak jartzeko”.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai  eta EH Bildu taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, egokitzat jotzen dituzten ekimenak gauzatzeko.