Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 3

Onetsitako ebazpen baten bidez, Nafarroako Parlamentuak emakumeen eskubideen arloan gertatzen ari diren indarkeria eta atzerakada egoerak errefusatzen ditu

NBEko kide gisa dituen erantzukizunen barruan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio ikerketa eta kontu-ematea bultza ditzala Iran edo Alfganistan bezalako herrialdeetan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoekin. Horren bidez, Ganberak gaitzetsi egiten ditu “emakumeen giza eskubideen atzerakada eta indarkeria-egoera horiek, eta Estatuko Gobernua premiatzen du, Nazio Batuen barruan kide aktibo gisa dituen erantzukizunen barruan, Afganistango edo Iran bezalako herrialdeetako emakumeen egoerari buruzko hainbat neurri har ditzan.

 

Zehazki, Espainiako Gobernua premiatzen da bultza dezan “talibanen gobernuaren ikerketa eta kontu-ematea Afganistanen emakumeen aurkako giza eskubideen etengabeko urraketa dela-eta”.

 

Era berean, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio talibanengan eragina izan dezaketen neurriak har ditzan “afganiarren herriari kalterik egin gabe, hala nola zigor espezifikoak edo bidaia-debekuak, NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen baten bidez ezarriak modu koordinatuan eta irmoan, talibanek emakumeen eta neskatoen eskubideak urratzeari utz diezaioten”.

 

Gainera, eskatzen zaio “Afganistanen aplikatzen diren gorputz-zigorrak” sala ditzan “eta horiek geldiarazteko neurriak aktibatzea, hala nola flagelazio publikoa, exekuzio publikoa, gorputz-atalen anputazioa, lapidazioa eta tratu txarren eta torturen beste forma batzuk, emakumeen nazioarteko zuzenbidea urratzen dutenak Afganistanen”.

 

Bestetik, Estatuko Gobernua premiatzen da “bidezko epaiketak egiten direla” zain dezan, “bai eta Iranen emakumeei defentsarako duten eskubidea baliatzeko aukera emanen dieten lege-baliabideak erabiltzeko aukera” berma dezan ere.

 

Ildo horretan, eskatzen zaio “Afganistanen emakumeen eskubideak deuseztatzen dituen "Moraltasun Legea"ren ezarpena sala eta gaitzes dezan”.

 

Bestalde, Gobernuari exijitzen zaio “epe laburreko eta luzeko ekimenetan, ikerketa akademikoan eta berdintasuna, ekitatea eta tolerantzia jorratzen dituzten proiektuetan oinarritutako giza eskubideen programak babestea, komunitateei zuzendutako justizia eraldatzailea eta "behetik gorako" ikuspegia erabiltzen dituztenak”.

 

Azkenik, zehazten denez, “Nazioarteko komunitateak eta NBEk beren konpromisoa zabaldu behar dute, ohiko sareetatik harago, eta benetako lankidetza- eta komunikazio-harremana izan behar dute Afganistango giza eskubideen eta abokatutzaren defentsan konpromiso aktiboa duten emakume manifestariekin, giza eskubideen defendatzaile direnekin, eta gizarte zibilaren ordezkariekin eta GKEekin”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek bultzatutako ebazpenak "herrialde jakin batzuetan emakumeen eskubideak ukatzen eta deuseztatzen ari direla" ohartarazten du. Hori dela eta, emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria sistemikoa, "fisikoa, sexuala edo psikologikoa", isiltasunetik ateratzeko deia egiten da.

 

Horretarako, erasotzaileen "zigorgabetasunarekin" eta, ondorioz, "biktimek bizi behar izaten duten estigmatizazio sozial eta lotsarekin" amaitzeko beharra azpimarratzen da.