Onetsi egin da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen aldaketa
Auzitegi Gorenaren epaiari erantzunez, 2024ko PFEZean % 25eko kenkari berezia ezartzen da, 2020tik 2023ra bitartean pentsioaren % 100aren gaineko zerga-ordainketa egin zuten mutualistentzat
Gaur Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi du ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru-dekretua aldatzea, zeinaren bidez onesten baita Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen ekimenezko Foru Lege horrek jomuga du nafar mutualisten erreklamazioei erantzuna ematea, halako moldez non, Auzitegi Nagusiaren 2023ko otsailaren 28ko epaiaren ondoren, fiskalki kengarri diren kontzeptuen artean jasoko baitira 1999ko urtarrilaren 1a baino lehenago eginiko harako ekarpenak zeinek 2020, 2021, 2022 edo 2023ko zergaldietan erretiro- eta baliaezintasun-prestazio bat jasotzeko eskubidea sortu baitute.
Horri buruz esaten da ezen, frogatzerik ez badago zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ahal izan ez diren ekarpenen zenbatekoa, % 75 integratuko dela.
Hori horrela, 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra aldatzen da, zertarako eta, behin kasuko kuota diferentziala zehaztuta, 2024ko zergaldiko PFEZean kenkari berezi bat ahalbidetzeko.
Minorazioaren zenbatekoa zehaztuko da aipatu zergaldietan subjektu pasiboak ordaindu beharko ez zukeen kuota diferentzialaren arabera, ordaindu gabeko horren zenbatekoa izanik gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin sinaturiko aseguru-kontratuengatik 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenago eginiko ekarpenei zegokien Gizarte Segurantzarengandiko erretiro- edo baliaezintasun-prestazioaren parteari ehuneko 25eko murrizketa aplikatu izan balio suertatuko zatekeena.
Ondorio horietarako, murriztuko den partea izanen da 2020, 2021, 2022 eta 2023an jasotako prestazioaren zenbatekoari koefiziente bat aplikatzearen emaitza, harako koefizientea zeina suertatuko baita 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko kotizazio-egunen kopurua zatitzetik prestaziorako eskubidea eman duten egun kotizatuen guztizko kopuruaren artean.
Baldin eta, familia-unitateko kide batek baino gehiago izanik kenkaria aplikatzeko eskubidea, familia-unitateko kideek aukeratu bazuten baterako aitorpena egitea prestazioak jaso ziren zergaldietan, orduan, kenkariaren zenbatekoa 2024an banaka zehaztuko zaie, aipatu zergaldietako bakoitzean familia-unitateko kide bakoitzak sorrarazitako prestazioaren proportzioan.
Kenkaria aplikatu ahalko da baldin eta subjektu pasiboa Nafarroako Foru Ogasunarekin zergapetu bada berak Gizarte Segurantzarengandik aipatu zergaldietan jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen osoko zenbatekoaz, eta kasu horretan bakarrik.
Neurria, atzeraeraginduna izateaz gain, finkatuta geratuko da, halako moldez non, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetara eginiko ekarpenetatik eratorriak diren Gizarte Segurantzaren erretiro- nahiz baliaezintasun-prestazioak ez baitira kenkariaren aplikaziotik at geratuko.
Aurreikuspen horren kostu estimatua 150 milioikoa da, eta onuragarri izanen zaie 30.000 erretirodun baino gehiagori, zeinek jadanik eskatuta baitaukate azken lau zergaldien berrikuspena.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru-dekretuaren aldaketa irakurketa bakarraren bidez izapidetua izan da, eta NAOn argitaratua izan eta biharamunean sartuko da indarrean.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-lege proposamenaren argitalpena (110. NPAO, 2024-10-01ekoa)