Onetsi egin da Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legearen aldaketa
Diru-esleipenaren gehikuntza progresibo bat ezarri da, halako moldez non gutxienez aurrekontu orokorren %1,5ekoa izanen baita 2030etik aurrera, eta adimen artifizialaren erabilera arautu da
Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du gaur Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen aldaketa. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdiek alde bozkatu dute, eta UPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek sustatutako Foru Legearen xedea da araudia testuinguru sozial eta teknologiko berriaren berezitasunetara egokitzea, eta horrela, haren ezarpenak ekarri zuen paradigma-aldaketan sakonduz, bermatzea “eskubide kulturalak osotara eta libreki erabiltzea egiazko berdintasunean”.
Xede horrekin, eta Nafarroako Gobernuaren “eginkizun kulturala” edukiz hornitzera bideratutako “jarduerak eta zerbitzuak” modu optimoan gauzatzeko “behar besteko” diru-esleipen bat bermatze aldera, agindu da aurrekontu-zuzkidura “pixkanaka” handituko dela, halako moldez non, 2030etik aurrera, “ezin izanen” baita izan Nafarroako Kontu Orokorren “%1,5 baino txikiagoa”.
Ildo horretan, eta Nafarroako kultura-sistemaren “lehiakortasunari euste” aldera, pizgarri fiskalak eta mezenasgokoak aldizka berrikusiko direla ezarri da, “aurrekontu-baliabideak kontua hartuta, gutxieneko gastua finkatzen eta areagotzen laguntze” aldera.
Eremu teknologikoan, 1/2019 Foru Legearen aldaketan aitortzen da sistema berriak erabiltzen ahalko direla, hala nola adimen artifiziala, sormen artistikoko prozesuetan; betiere, “tresna lagungarri” gisa erabiltzen bada, eta ez “ordezko” tresna gisa.
Aipatutako ohartarazpena, “jabetza intelektualarekiko errespetua” ere aipatzen duena, jardueretakoedo zerbitzuetako agindu teknikoen orrietan jasoko da (edo baliabide berekietara egindako enkarguetan), bai eta diruz laguntzekoak diren jardueretan ere. Horretarako, “ahalegina eginen da berariazko klausula bat sartzeko, esku-hartzearen maila zehazteko betebeharra ezarriko duena, eta, kasua bada, baita proiektua gauzatzen duten pertsonen ikuskatzaile-eginkizuna ere”.
Edonola ere, eta arautze propioa zehazten den arte, bermatu beharko da adimen eta jabetza intelektualaren alorrean indarrean dagoen araudia betetzen dela, eta datasetaren gardentasuna ziurtatu beharko da.
UPNk aldatzeko bi zuzenketa aurkeztu ditu, baina PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek ez dituzte onartu, biak ala biak Kulturan gutxieneko aurrekontu-lurzoruaren ( % 1,5) ezarpena 2027ra aurreratzeko asmoz. PPN eta Voxek alde bozkatu dute.
Artikulu bakarrak, zeinak Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legea aldatzen baitu, honako hau dio:
Bat. I. kapituluan, 21. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
"Ordenamendu juridikoari jarraikiz, pertsona guztiek eskubidea dute artearen eta literaturaren alorretako ekoizpen eta sorkuntzarako, eta beren sorkariak beren aukerako lengoaia, kode eta formatuetan adierazi edo formulatzeko, jabetza intelektualeko eskubideak errespetatuz, pertsonek eta sorkuntza artistikoko prozesuek sortuak, sistema teknologiko berritzaileak ere erabiltzeko aukerarekin, hala nola adimen artifiziala, sorkuntza-prozesuen lagungarri gisa bai baina ordezko gisa ez".
Bi. Hirugarren xedapen iragankorra gehitzen da. Testu hau izanen du:
"Jarduera eta zerbitzu kulturaletarako aurrekontu-baliabideak eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorretan kultur eginkizunera bideratzen dituenak urtero pixkanaka gehituko dira, halako moldez non 2030. urtetik aurrera ezin izanen baitira izan Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorraren % 1,5 baino txikiagoak.
Era berean, eta aurrekontuak uzten duen eskuragarritasunaren arabera, beharrezkoa izanen da pizgarri fiskalak eta mezenasgoa aldiro berrikustea, Nafarroako kultur sistemaren lehiakortasuna mantentzearren eta adierazitako aurrekontu-helburua lortzeko lagungarri gisa".
Hiru. Azken xedapenetatik seigarrena izanen den bat gehitzen da. Testu hau izanen du:
"Nafarroako Gobernuak jardun eta zerbitzu kulturaletara eta kultur eginkizunera bideratzen dituen aurrekontu-baliabideak ezin izanen dira izan, 2030etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorraren % 1,5 baino txikiagoak, eta hori gutxieneko gastu gisa finkatu eta joko da hortik aurrerako aurrekontu-ekitaldietarako".
Lau. Azken xedapenetatik zazpigarrena izanen den bat gehituko da. Testu hau izanen du:
"Halaber, baldintza teknikoen pleguetan, edo bitarteko berekiei jarduerak edo zerbitzuak enkargatzean, dirulaguntzen esparruan, izendun dirulaguntzetarako, zuzeneko dirulaguntzetarako, norgehiagokazko laguntzetarako edo beste entitate batzuei eginiko transferentzietarako administrazio-prozeduretan, zeinetan diruz lagundutako jardun edo xedea egite aldera modua baitago adimen artifizialeko teknikez baliatzeko, Nafarroako Gobernua saiatuko da esanbidezko klausula bat txertatzen, non adieraziko baita ezen edozein jarduera egiteko asmoz adimen arfizialeko ereduak erabiliz gero, hornitzaileak horren berri eman beharko duela, bai eta zehaztu ere proiektua garatzen duten pertsona fisikoek izanen duten esku-hartzearen maila eta berrikuspen-zeregina. Begirune gorena bermatu beharko da adimen artifizialaren eta jabetza intelektualaren gaiari buruz dagoen araudiaren aldera, bai eta dataset-aren gardentasuna ere, eta bete egiten direla gai honi buruzko araudi propioa taxutu bitartean adimen artifizialari buruz dagoen araudiak ezartzen dituen gainerako betebeharrak".
2019ko urtarrilean onetsitako Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legearen aldaketa irakurketa bakarrean izapidetu da, eta NAOn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-lege proposamenaren argitalpena (84. NPAO, 2024-06-07koa)