Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 6

Onetsi egin da 33/2013 Foru Legearen aldaketa, Erorien Monumentuari beste esanahi bat ematea ahalbidetzen duena

Eraikinaren erabilerak egiarako eta justiziarako eskubidearekin uztartzen dira, frankismoarekiko loturak ezabatu eta demokrazian elkarbizitzaren balioak indartzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa aldatzea onetsi du gaur. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik alde bozkatu dute eta UPNk, PPNk, Contigo-Zurekinek eta Voxek aurka bozkatu dute.

 

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai taldeek sustatutako aldaketak xede du “Erorien Monumentua bere jatorrizko esanahiaz gabetzea, giza eskubideen alorrean dauden nazioarteko estandarrei atxikiz, bateragarri bihur dadin memoria historiko kritiko batekin, demokraziaren, aniztasunaren eta justizia sozialaren berezko balioekin bat etorrita”.

 

Hartara, “eraikinaren erabilera aldatu” eta dituen konnotazio frankistak ezabatzeko, beste xedapen gehigarri bat sartzen da, helburua izanik eraikinaren ezaugarriak alderantzikatzea, era horretan sar dadin dauden tresna publikoen inbentarioan, zeinek bilatzen duten egiarako eskubidea gordetzea eta, aldi berean, hausnarketa egitea faxismo-forma berriek dakartzaten arriskuei buruz.

 

Horiek horrela, eta “altxamendu faxista eta haren ondorengo ia 40 urteetan zeharreko erregimen frankista goresteko totalitarismozko propagandari” amaiera emate aldera adierazten da borondatea dagoela zati sinbolikoak erretiratzeko, baldin eta gogorarazten badituzte, iraunarazteko asmoz, sistema zapaltzaile haren tesi eta oinarriak.

 

Hori guztia, ezertan kaltetu gabe aipatu helburura bideratutako neurriak, 1998an Udalak monumentu-multzoaren jabe egin zenetik, Artzapezpikutzak eta Kristo Erregearen parrokiak dohaintzan eman ondoren. Besteak beste, kripta isolatu zen, gorespenerako inskripzioak estali ziren eta, eraberritze obrak egin ondoren, eraikina erakusketa-areto gisa tankeratu zen.

 

Osoko Bilkuran izandako eztabaidan lau zuzenketa eztabaidatu eta ezetsi dira, guztiak Contigo-Zurekin taldearenak, zeinen helburua baitzen “ Erorien Monumentua eraistea”, “monumentu-multzoa edo bere atal edo elementuetatik edozein -arkitektura, dekorazio, pintura edo sinbolo izaerakoa- babestu edo finkatzeko edozein arau debekatzea, eta deklaratzea desjabetzen ahal dela eraikina edo bere atal edo guneetatik edozein erabiltzeko edo gozatzeko edozein eskubide”. Eskubide horien titularrak babestu ahalko lituzketen “kalte-ordainak jasotzeko eskubideak”, kasua balitz, Erorien Monumentuaren jabeari egozten zitzaizkion.

 

Edonola ere, aurreikusten zen Artzapezpikutzari ematea eraikinaren gailurreko gurutzeak eta, hala eskatuko balu, San Frantzisko Xabierkoaren ebanjelizazioaren eszena (kupularen barnealdea) Halaber, jabearen iritzira uzten da gainerako elementuak berreskuratzea, “inoiz ere jendaurrean erakutsiko ez direnak”. Berriz, aukera ematen zen haiek erabiltzea xede “historiko eta pedagogikoetarako”.

 

Zioen azalpena aldatzeko ere babesik eskuratu gabe, Contigo-Zurekinen proposamenak baztertu dira UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Voxek emandako aurkako botoekin.

 

Artikulu bakarrak, xedapen gehigarri berri baten bidez, aldatu egiten du azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Honako testu hau izanen du:

 

Xedapen Gehigarria.

1. "Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei" Monumentuak, halaber "Erorien omenezko Monumentu" deritzon horrek, are desehorzketen ondoren eta frankismo-garaiaren sinbologia bereizgarririk gehiena kendua izan ondoren ere, oraindik totalitarismozko propaganda ispilatzen du, altxamendu faxista eta haren ondorengo ia 40 urteetan zeharreko erregimen frankista gorestekoa.

 

2. Monumentu horren erabilerak huts-hutsik izan daitezke gerra- eta diktadura-aldian izandako giza eskubideen urraketa larrien zergatiak eta aitzin-gibelak ezagutaraztekoak eta hausnarketa eta ohartarazpena egitekoak faxismo-forma berrien arrisku eta perilei buruz, horiek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten duten aldetik. Halaber, balioan jarriko dira bai elkarbizitza bai giza eskubideekiko begirunea. Hori guztia, ezertan kaltetu gabe foru lege honen helburuekin zerikusia duen udal-autonomia.

 

3. Aginduzkoa da erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak estaltzea.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Lehenagoko aldaketa, hura ere diktaduraren gorespenaren ikurrak kentzearekin lotua, 2018an gauzatu zen.

Erorien Monumentua, José Yárnozen eta Víctor Eusaren diseinukoa, Nafarroako Diputazioak eraiki zuen (1942-1952), Iruñeko Udalak Karlos III.aren etorbidearen bukaeran lagatako lurzati batean. 1961eko uztailaren 17an inauguratu zen ofizialki, kriptara Mola eta Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak, zeinak 2016an atera baitziren.

2002an, Udal Planaren aldaketa onetsita, Erorien Monumentua finkatu zen eta Eraikin Babestuen Katalogoan agertzen da, 2. gradukotzat sailkatuta barne-espazioa, kripta eta estalkia, eta 3. gradukotzat, albo-arkuteriak.

Nafarroako Gobernuko Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak onetsiaren arabera, monumentua, osorik, ikur faxista gisa dago sailkatua Nafarroan. 2024ko azaroan bisitan joan zen Nafarroako Parlamentuko Memoria eta Bizikidetzako Batzordea.

 

  • Foru-lege proposamenaren argitalpena (14. NPAO, 2025-02-11koa)