Okupas Motorizados elkarteak antolatutako mahai-ingurua egin da Parlamentuan, ‘Herritarren ekimen baten ahalmen eraldatzailea’ gaiari buruz
Unai Hualdek herritarren ekimenen garrantzia azpimarratu du, bai eta erakundeak gizarte-entitateekin lankidetzan aritzearen garrantzia ere
Okupas Motorizados elkarteak antolatuta, Herritarren ekimen baten ahalmen eraldatzailea gaiari buruzko mahai-ingurua egin da gaur Nafarroako Parlamentuan. Ekimen horren helburua da desgaitasuna edo mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatutako aparkatze-plazen eta -txartelen legez kanpoko erabilera salatzea.
Inaugurazio ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek aintzatetsi egin du Okupas Motorizadosen Twitter kontuaren bidez egindako lana, hain zuzen ere, mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuak errespetatzeak duen garrantziaren kontzientziazio lana. Ekimena pixkanaka hazten joan da, “harik eta herritarren mugimendu bat sortu arte, Estatuko beste hiri eta komunitate batzuetan kontu gehiago sortzea ere lortu duena”.
Hualdek gaineratu duenez, askotan, kasu honetan bezala, “gizarte zibila erakundeen aitzinetik doa”, eta, ondoren, balioetsi egin du Nafarroako Gobernuaren, NUKFren, CERMINen eta Okupas Motorizadosen artean sortutako lantaldeak egindako lana. Horri esker, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen sistema berri bat jarri da martxan, hau da, Administrazioaren lana errazten duen eredu bateratu bat.
Era berean, eta NUPek, CERMINek eta Nafarroako Parlamentuak 2020an sinatutako hitzarmena gogora ekarri ondoren (foru legedia Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora egokitzekoa), lehendakariak berretsi du garrantzitsua dela erakundeak gizarte-entitateekin lanean, elkarrizketan eta lankidetzan aritzea. Amaitzeko esan duenez, “oraindik bide luzea gelditzen zaigu pertsona guztientzako eskubide-berdintasuna lortzeko, eta guztion artean landu beharreko gaia da. Hezkuntza, errespetua eta enpatia. Sare sozialetan behin baino gehiagotan irakurri dizuedanez, oso kontuan izan behar dugu lelo hau: ‘Jarri nire lekuan. Ez okupatu’. Eskerrik asko”.
Jarraian, Okupas Motorizados elkarteko kide Juan Larretak 2019an ekimena abian jarri zenetik lortutako guztia balioetsi du. “550 pertsona mobilizatzea lortu dugu. Salaketa-argazkien bidez –sare sozialetan 9.500 baino gehiago argitaratu dira–, desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako aparkatze-plazen eta -txartelen erabilera desegokia ikusarazten eta salatzen lagundu digute. Horrek ederki erakusten digu herritarrek gauzak hobetu eta alda ditzaketela, lan eginez eta irmotasunez”.
Nafarroako Gobernuaren eta ekimena babestu duten udal eta entitateen prestutasuna eskertuz, Larretak nabarmendu du helburu nagusietako bat lortu dela: “desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela bateratzea eta erregistro bakarra sortzea, Nafarroako Gobernuaren foru agindu baten bitartez”.
Jarraian, kanpainaren lau urteko jarduera laburbiltzen duen bideoa proiektatu da, eta ondoren mahai-inguru bat egin da. Alfredo Casares kazetaria izan da moderatzaile, alegia, Kazetaritza Eraikitzailearen Institutuaren sortzaile eta zuzendaria. Bertan, “herritarren ekimen baten ahalmen eraldatzailea” gaiaren inguruan hausnartu dute. Bertan izan dira Endika Alonso Iruñeko Udaleko zinegotzia, Amaya Larraya Eguesibarko Udaleko alkatea, Dabid Montorio Foruzaingoko Trafiko eta Bide Segurtasuneko inspektoreordea, eta Sagrario Anaut NUPeko Soziologiako irakaslea.