Oinez 2024k Nafarroako ikastolen jaian parte hartzera gonbidatu du Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroa Oinez 2024ren ordezkariei harrera egin die gaur Legebiltzarraren egoitzan. Honako hauek osatu dute urriaren 20an (igandea) eginen den Oinezen ordezkaritza: Elena Zabaleta (Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria), Josu Reparaz (elkarteko zuzendaria), Carlos Arzelus (Zangozako ikastolako lehendakaria) eta Nagore Oria (ikastola horretako zuzendaria)
Zangozako ikastola, 1978an sortua, Nafarroako ikastolen aurtengo jaia antolatzeaz arduratu da bere 46. urteurren honetan. Izan ere, Piztu goiburupean, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolaren lekukoa hartuko du, eta euskararen aldeko jaiak urtero-urtero jasotzen dituen milaka euskaltzale hartzeko azken prestalanak egiten ari da egunotan.
Parlamentuko lehendakariak Oinez 24ren ordezkarien ahotik ezagutu du Nafarroako ikastolen 43. jaia arrakastatsua izan dadin azken hilabeteotan egin duten lan guztia (pandemia dela-eta, bertan behera gelditu zen 2020an, berriz hasi zen ospatzen 2021ean).
Unai Hualdek nabarmendu nahi izan du Zangozako ikastolak, beste gizarte-eragile batzuekin batera, ekarpen erabakigarria egin duela bost hamarkada hauetan zehar euskara merindade horretan balioan jartzeko. "Gaur egun, sortu zenetik ia mende erdi igaro eta gero, beharrezkoa da oraindik ere Ikastola honen lan titanikoa aldarrikatzea eta aitortzea beharrezkoa da oraindik ere. Euskarazko hezkuntza bizirik mantentzea lortu du Zangoza eskualdean, despopulazioak bereziki zigortutako eremuan”.
Ikastolaren ordezkaritzak Oinez 24ra joateko gonbidapen formala helarazi dio Parlamentuko lehendakariari. Unai Hualdek baieztatu du bertan izango dela.