Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 23

O-NOZi atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen 11/1992 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2023ko martxoaren 23an

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak 11/1992 Foru Legearen aldaketa onetsi du, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu aldeko botoekin. Lege horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen du. I-E abstenitu egin da.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk bultzatutako aldaketa hori irakurraldi bakarrean onetsi da. Helburu du osasun sistema indartzea medikuen lan baldintzak eta ordainsariak hobetuz, bai eta beste estamentu eta profesional batzuenak ere

 

Premisa horien arabera, Nafarroak bere funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gain duen eskumen esklusiboa baliatuz, arauan txertatu dira Sindikatu Medikoarekin lortutako akordioa eta Negoziazio Mahai Orokorrean sindikatuekin itundutakoa, 11/1992 Foru Legea hein batean aldatzeko.

 

Lehenengoari dagokionez, arauak langile fakultatiboen produktibitate finkoko osagarria ezartzen du, hilean 400 eurokoa (14 paga).

 

Bestalde, lanpostuko osagarria ezartzen da Oinarrizko Laguntzako taldeetako eta ospitalez kanpoko larrialdien zerbitzuetako  administrazio-langileentzat. Dagokien mailako ordainsariaren % 10 izanen da.

 

Egun berezietan lan egiteagatiko osagarria ordainduko zaie (zenbatekoa erregelamendu bidez zehaztuko da) langile guztiei honako egun hauetan ohiko lan txandak eginez gero: urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n.

 

Halaber lekualdatzeagatiko kalte-ordain berri bat ezartzen da lanpostu betegaitzak betetzen dituzten Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako langileen joan-etorrietarako. Kasuan kasuko barrutiko herri nagusitik lanpostura dagoen distantziaren arabera kobratuko da: hilean 75 euro (40/59 km), 100 euro (60/79 km) edo 150 euro (80 km baino gehiago).

 

Egoiliarren prestakuntzan tutore aritzen diren langileentzat ere ordaina ezartzen da, ardurapeko pertsonen kopuruaren araberakoa: 1.200 euro (pertsona bat), 1.440 euro (bi) edo 1.680 euro (hiru edo gehiago).

 

Beste alde batetik, presentzia fisikoko guardiak edo guardia lokalizatuak egiten dituztenentzat, legeak eguneratu egiten du guardiaren prezioa (mailaren araberakoa); eta destinoko osagarriaren indize berriak esleitzen dizkie Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeen zuzendariei.

 

Legean jasotako zenbateko guztiak urtero eguneratuko dira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kasuko foru legeak zehazten duen portzentajean.

 

Osoko bilkuran eztabaidatuko 6 zuzenketetatik 2 onetsi dira, biak ere PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuak. Navarra Sumak defendatutako laurak baztertu egin dira.

 

Legeari gehitutako ekarpenen bitartez, egun berezietako lanaren osagarria sortzeari buruzko artikuluaren testua doitu nahi da (erregelamenduzko esleipenaren bidez zehaztuko da ordu bakoitzeko ordaindu beharreko zenbatekoa –22 euro aurreikusten ziren–), eta zioen azalpenean jasorik utzi nahi da epigrafe hori berori sindikatuetako ordezkariekin batera zehaztu dela Negoziazio Mahai Orokorreko negoziazio kolektiboan. Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Navarra Sumaren zuzenketa guztiak ezetsi dira, inolako babesik gabe. “Ekitate” arrazoiengatik, produktibitate-osagarria A.1 eta A.2.5 estamentuetako osasun langileei ere ordaintzea zuten helburu. Ildo beretik, NOZeko langile fakultatiboentzako produktibitate-osagarriari dagokionez, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetako langile fakultatiboak kanpora ez uztea eskatzen zuten.

 

Gainera, Ospitaleko Laguntzako taldeak lanpostu betegaitzak betetzeagatiko kalte-ordainerako eskubidea duten langileen multzoan sartu nahi zituzten, eta Tuterako Osasun Barrutiko lanpostu batzuei distantziaren eta joan-etorrien irizpideak aplikatu nahi zizkieten.

 

Lehenago, osoko bilkura hasi aurretik, Mahaiak sei zuzenketei eustea erabaki du, Nafarroako Gobernuak adierazitako “desadostasuna” gorabehera. Mahaiaren iritziz, Gobernuak azaldutako argudioek ez zituzten betetzen Erregelamenduaren 129. artikuluko betekizunak, non zuzenketak ez onartzea “haiek aurrekontuetan ondorioak izatearekin” soilik lotzen baita.

 

Nafarroako Gobernuak, ordea, formazko arrazoietan oinarritzen zuen bere desadostasuna, esanez ez direla egin “negoziazio kolektiboaren eta sindikatuei aitortutako parte-hartzearen tramiteak, kasu honetan funtzionarioen Negoziazio Mahai Orokorrean”.

11/1992 Foru Legearen aldaketa “pertsonen osasuna sustatu, artatu, zaindu eta leheneratzeko” neurri multzo baten parte da. Helburu horiek “funtsezko” lehentasuna dute, eta gizartearen “garapen jasangarri eta kohesiozkoarekin” loturik daude.

 

Irakurraldi bakarrean onetsita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko 11/1992 Foru Legea aldatzen duen Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.