Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 24

NUPeko Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Ekonomia sozialaren arloko bi ordezkari sartu ahal izateko

Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko 15/2008 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur aho batez.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetuta, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk sustatu duten Foru Legearen xedea da NUPeko Gizarte Kontseiluaren osaera egokitzea, kideen artean ekonomia sozialaren sektoreko erakunde adierazgarrienek izendatutako bi bokal berri sartzeko. Sektore honek 1.250 enpresa eta entitate baino gehiago biltzen ditu Nafarroan (43.000 estatuan), eta 25.000tik gora pertsonari (2,2 milioi estatuan) ematen die zuzeneko enplegua jarduera-sektore guztietan.

 

Nafarroako Gobernuak sektoreko erakunde adierazgarriekin elkarlanean diseinatu zuen 2021-2024 aldirako Nafarroako Ekonomia Sozialaren II. Plan Integralak ezartzen duenari jarraiki, eta Europako Ekonomia Sozialeko Ekintza Planarekin eta Ekonomia Sozialeko Espainiako Estrategiarekin bat etorriz, ekimenaren helburua hazkunde ekonomiko jasangarri eta solidario baterako eredu bat sustatzea da, 2030erako Nafarroako S4 Estrategian (Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Jasangarriaren Estrategia), 2020-2023 aldirako Nafarroa Suspertu planean eta 2021-2023 aldirako Nafarroako Enplegu Politika Aktiboen Planean zehazten den bezala.

 

NUPeko Gizarte Kontseiluan ekonomia sozialaren arloa txertatzearen helburu nagusia da kohesio soziala eta lurralde arlokoa handitzen laguntzea, 2030 Agendaren, Europako politiken eta suspertze-funtsen erronkak txertatuz, sektore honetako enpresen eta unibertsitatearen artean ezagutza-transmisioa bultzatzeko.

 

Horregatik guztiagatik, gazteak unibertsitate-eremuko ekintzailetza kooperatiboan sentsibilizatu eta gaitzeko, egokitzat jotzen da CEPES Nafarroa kontuan hartzea, ekonomia sozialaren familien erakunde ordezkariak biltzen dituen aldetik, sektoreak pertsonengan oinarritutako enpresa sozialaren eredua sustatzera bideratutako politika publiko eta sozialak eraikitzeko egiten duen ekarpena bidera dezan.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseilua gizarteak unibertsitatean parte hartzeko organo kideaniztuna da, eta erakundeen eta gizartearen arteko harremanetarako elementua da. Onartutako aldaketaren ondoren, 21 kidek osatzen dute: bost Parlamentuak izendatzen ditu, beste bi sindikatuek proposatuta, bi enpresaburuen elkarteek eskatuta, lau Hezkuntza Departamentuaren ekimenez, bi ekonomia sozialaren sektorearen kontura (bazkideak) eta sei NUPen ordezkari gisa.