Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 31

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko urriaren 31n

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur. Aldeko botoa eman dute PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, eta kontrakoa UPNk, PPNk eta Voxek.

 

Foru legea PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatu dute eta xedetzat du foru araudia egokitzea bat etor dadin Etxebizitzarako Eskubidearen maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritakoarekin, Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremuak deklaratzeari dagokionez tresna hori garatzeko, Nafarroan etxebizitza eskuratzea errazteko, “bereziki alokairuko araubidean”.

 

Horrela, etxebizitza erosteko eta alokatzeko eragiketetan babesa hobetu nahi da, eta “gutxieneko” informazioa sartu (datu ofizial eguneratuak) “pertsona guztiei (errentatzaile eta maizterrei) nahiz prozesuan parte hartzen duten eragile guztiei segurtasuna emateko”.

 

Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremuen deklarazioa etxebizitzaren eskaintzaren eta ohiko bizilekua izateko beharraren arteko oreka bilatzeko saiakera gisa planteatzen da. Etxebizitza eskuratzearen zailtasun gero eta handiagoa botere publikoetatik arintzeko saialdi horrek barnean hartzen du plangintzako era egikaritzeko zenbait tresnaren eta neurriren sustapena, egokitzat jotzen baitira “lurraldearen askotariko premiak kontuan hartuta etxebizitza prezio eskuragarrian izateko eskubidea gauzatzeko”.

 

Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroan sustatzeko Foru Legean jadanik jaso zen Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremuaren deklarazioa. Lege hori 2022ko ekainean onetsi zen, eta deklarazioa Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 97. artikuluaren idazketa berrian sartutako honako arau hauen arabera gauzatuko da:

 

Deklarazioaren aurretik, prestaketa prozedura bat egin beharko da, deklarazio hori egin nahi den eremuko bizitegi merkatuaren egoerarekin lotutako informazioa lortzeko. Etxebizitza mota desberdinen alokairuko eta salmentako prezioen adierazleak eta denboran zehar izan duten bilakaera, egoiliarren errenta erabilgarriaren maila eta denboran izan duten bilakaera jasoko ditu. Horrek guztiak, etxebizitzen prezioekin batera, aukera emanen du familiek etxebizitza duin eta egokia izateko egin behar duten ahalegin ekonomikoaren bilakaera neurtzeko.

 

Ondoren, deklarazioa egiteko oinarritzat hartu den informazio guztia jarriko da jendearen eskura, biztanleriaren eta familien banaketa espazialari, egiturari eta dinamikari buruzko azterlanak barnean hartuta, baita eskaintzaren, prezioen eta etxebizitza moten araberako zonifikazioa ere, edota gizarte- eta lurralde-kohesioaren kalterako desorekak eta segregazio sozioespazialeko prozesuak agerian uztea eta prebenitzea ahalbidetzen duen beste edozein azterlan. Informazio publikoa bi hilabetez egonen da argitaratuta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian. Epe horretan, herritarrek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, NAOn iragarkia jartzen denetik aurrera.

 

Lurralde eremu bat Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremu izendatzeko erabakia etxebizitzaren arloko departamentu eskudunaren titularraren foru agindu bidez hartuko da, eta agindu hori ohiko etxebizitzaren eskariari arrazoizko prezioan behar bezala erantzuteko eremu horretako etxebizitza merkatuan dauden gabezietan nahiz akatsetan oinarrituta egon beharko da, edozein modalitatetan, bizi direnen egoera sozioekonomikoaren eta eremu bakoitzeko dinamika demografikoen arabera. Indarra har dezan, NAOn argitaratu beharko da. Etxebizitzako gaietan eskumena duen ministerioari haren berri emanen zaio.

 

Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremu gisa izendatzeko, deklarazio hori justifikatzen duen memoria bat beharko da, datu objektiboak jasotzen dituena eta egoiliarrentzat behar adina etxebizitza ez hornitzeko arrisku berezian oinarrituta dagoena, familia berriak baldintza bideragarrietan eratzeko dinamikak barne, honako inguruabar hauetako bat gertatzeagatik:

 

Lurralde eremu horretan, hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko kargak, aurrekontu pertsonalean nahiz bizikidetza unitatearen aurrekontuan, gehi oinarrizko gastu eta hornidurek familien batez besteko errentaren % 30 gainditzea.

 

Lurralde horretan etxebizitza erosteko nahiz alokatzeko prezioak aurreko bost urteetan izandako hazkunde metatuaren ehunekoa, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitateko KPIaren hazkunde metatuaren ehunekoa baino hiru puntu handiagoa izatea.

 

Etxebizitzaren arloan eskumenak dituen departamentuak plan espezifiko bat onetsiko du, Bizitegi Merkatu Tenkatuko Zonaren deklarazioarekin batera edo ondoren, deklarazioan agertutako desorekak zuzentzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriekin, baita garatzeko egutegi bat ere. Departamentuak lankidetzarako formulak hitzartzen ahalko ditu kasuan kasuko eremuan sartutako udalekin, udalek plan espezifikoaren proposamena egiten, garatzen eta finantzatzen parte hartuko dutela bermatzeko, administrazio publiko bakoitzak dituen eskumenen barruan.

 

Neurri horiek etxebizitzaren arloan eskumenak dituen ministerioarekin koordinatzen ahalko dira, Etxebizitzarako Eskubidearen maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritako baldintzetan.

 

Lurralde eremu bat Bizitegi Merkatu Tenkatuko Eremu izendatzea onartzen duen foru-aginduak hiru urteko indarraldia aurreikusiko du, eta urtez urte luzatzen ahalko da.

 

Bizitegi-Merkatu Tenkatuko Eremu izendatu ez diren udalerriek aldez aurreko informazioa lortzeko prestaketa prozesua hasteko eskatzen ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari, behar bezala justifikatuta eta arrazoituta, eskatutako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko. Eskaera hori ez da errepikatzen ahalko hurrengo hiru urteetan”.

 

Osoko Bilkuran izandako eztabaidan zehar bi zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, biak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek izenpetuak, zioen azalpenaren eta legaren artikulu bakarraren edukia argitzea izan dutena xedetzat. UPN, PPN eta Vox taldeek aurka bozkatu dute.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetuta, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzeko Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.